Huyck Wangner (Perot) hilabete bat greba mugagabean

2013/02/28
Huyck Wangner (Perot) hilabete bat greba mugagabean
Gaur hilabete bat betetzen da PEROT-eko langileak greba mugagabean hasi zirela. Urtarrilaren 25ean hasi zen kontsulta epea astelehenean bukatu zen, eta zoritxarrez, akordiorik gabe. Egoera honen aurrean, hau manifestaldi berri bat antolatu dute larunbat honetarako Tolosako triangulo plazatik.

Gaur hilabete bat betetzen da PEROT-eko langileak greba mugagabean hasi zirela. Hilabete gogorra izan da dudarik gabe.Hamaika izan dira aurrera eraman dituzten mobilizazioak..

"Oztopoak gaindituz, momentu txarrak pasatuz, baina langileak elkarturik daudela, eta hori dela borroka honekin jarraitzea ahalbidetzen duen motorra", azpimarratu dute gaur goizean.
Bestalde, urtarrilaren 25ean hasi zen kontsulta epea astelehenean bukatu zenakordiorik gabe.

"Askotan salatu dugun bezala, multinazionalak ez du negoziatzeko inongo borondaterik agertu. Lantegi hau hustutzeko erabakia soilik estrategikoa izan da, eta oraingoz ez dute erabakia aldatu nahi. Erreforma Laboralaz baliatuz, Zizurkilgo langileak merke kaleratu nahi dituzte, multinazionalak oraindik diru gehiago irabazteko asmoz", salatu dute.

"Gainera, orain badakigu, nahiz eta guri egun batetik bestera esan, eraso hau aspaldi prestatzen hasi zirela: 2010. urtetik hona, Zizurkilgo enpresatik multinazionalera 5 milioi euro baino gehiago eraman dituzte; talde barneko salmenta neurriak ere guztiz desorekatuak izan dira, multinazionalaren mesedetan; eta salmentarako muga zorrotzak jarri dizkiote hemengo lantegiari, bai egin beharreko produktuetan eta bai herrialde askotako merkatuetan sarrera debekatuz. Deigarriena da, hala eta guztiz ere, Zizurkilgo plantak benefizioak ematen jarraitu duela urtez urte", azaldu dute.

Laister 75 langileen kaleratze gutunak iritsiko direla, eta hori gertatzen denean, salaketa jarriko dituzte epaitegian, ERE-a baliogabetu dezaten eskatuz.

Urtarrilaren 28ko prentsaurrekoan azpimarratzen zuten bezala, hau geldiarazteko Euskal Herriko Instituzioen inplikazio serio bat beharrezkoa da.

Orain arte, positiboki baloratzen dute inguruko Udalek eman dieten babesa, bai mozioekin, bai baliabide materialekin, hala nola mobilizazioetan parte aktiboa izan dutelako.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat ere egin dute, baina zoritxarrez honek ez du emaitza askorik eman. "Edozein motatako proposamenen bat edota laguntzaren bat egitea eskatu genion, enpresa hemen geratzeko bultzada gisa, eta orain arte ez dugu inolako proposamenik jaso".

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere agerraldi bat egiteko zain daude.

"Gure mezua, beraz, zera da: oraindik ez da beranduegi. Oraindik hemengo enpleguaren aldeko defentsa aktibo bat egiteko garaiz daude Instituzioak. Beraz, gure eskaera berretsi nahi dugu, eta bereziki, Eusko Jaurlaritzari zuzenduta, honek bait dauka ahalmen handiena", azpimarratu dute.

Bukatzeko, aipatu, guzti hau salatzeko eta PEROT-eko langileei elkartasuna helarazteko manifestaldi berri bat antolatu dute larunbat honetarako, martxoak 2, eguerdiko 12:00etan abiatuko dena Tolosako triangulo plazatik.