AMIANTOA

Amiantoaren biktimei ordainik ematen ez dien Funtsa

2025/10/28
Bidelagun Fundazioak bi epai irabazi ditu Sunsundegui (Altsasu) enpresaren aurka. Amiantoaren eraginpean egoteagatik hildako bi langilez ari gara. Haien senideek abiarazi zituzten prozedurak. Ebazpen horiek, kasu batean, erantzukizun zibileko 200.000 eurotik gorako kalte-ordaina aitortzen diote hildakoaren alargunari, eta, bigarren kasuan, prestazioen % 40ko errekargua hildakoetako baten emaztearen alarguntasun-pentsioan.

Bi langileak amianto-zuntzen eraginpean egon ziren, arnasketa-protekziorik gabe, oso denbora luzez, eta ez zuten amiantoarekiko esposizioari buruzko formaziorik ez informaziorik jaso 1987ra arte. Ez dago jasota data hori baino lehen amiantoarekiko esposizio-arriskua ebaluatu zenik, ezta amiantoarekiko ingurumen-esposizioaren neurketarik egin zenik ere. Sententziak frogatutzat ematen du, halaber, 40 urtez Sunsundeguik ez zuela lan giroa ebaluatu edo kontrolatu.

Nolanahi ere, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan amiantoaren eraginpean egon ziren langile horiek jasan zuten babesgabetasunari orain beren familientzako babesgabetasuna gehitu behar zaio, onartu berri den Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa dela-eta. Lehen epaiaren kasuan, Epaitegiak 206.051,91 euroko kalte-ordaina ordaintzera kondenatzen du enpresa. Hala ere, familia horrek askoz zenbateko txikiagoa jasoko du Funtsean ezarritakoaren arabera; 96.621,24 euro jasoko ditu (epai irmo batek ezarritakoa baino 109.430,67 euro gutxiago). Bigarren kasuan, hildakoaren alarguna, Sunsundeguiren egungo kaudimen gabezia-egoeraren aurrean, % 40ko errekargua kobratu gabe geratuko da alarguntasun-prestazioan, Funtsak ez baititu estaltzen errekarguak eta Gizarte Segurantzako beste prestazio batzuk, oroharreko prezioko kalte-ordainak baizik. Era berean, prestazioen errekargua irabazi ondoren familiak judizialki erreklama dezakeen kalte-ordaina 172.825,31 eurokoa izango litzateke, baina Funtsak 64.414,16 euro baino ez lituzke estaliko kalte-ordain horretatik.

Epai horiekin egiazta daitekeenez, Konpentsazio Funtsa oso urrun dago biktimentzat justizia eta erreparaziorako tresna izatetik. Ez bakarrik, ikusten den bezala, zenbatekoak askoz txikiagoak direlako eta kaltetutako pertsona guztientzako ordainketa bakar batean ordaintzen direlako; baita profesionaltzat ofizialki onartutako gaixotasunak baztertzen direlako ere, hala nola bronkioetako neoplasia.

Minbizi gastrointestinala eta obulutegikoa ere ez dira onartzen, azaroaren 22ko 2023/2668 (EB) Zuzentarauak amianto-zuntzen eraginpean egoteak eragin ditzakeen gaixotasuntzat hartzen dituen arren. Obulutegiko minbiziaren kasuan, gaixotasun hori ez aitortzeak genero arrakalan sakontzen du, eta diskriminazio zuzena sortzen du amiantoaren eraginpean egon diren emakumeengan.

Azkenik, Funts berriak onuradunak mugatzen ditu, eta kanpoan uzten ditu 35/2015 Legean jasota zeuden ahaideak, neba-arrebak eta hurbilekoak. Esandako guztiarengatik, Funtsak ez du modu integralean erreparatzen, patologiak ikusezin bihurtzen ditu eta biktimen familia-sarearen parte bat kanpoan uzten du.