Sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte urtarrilaren 8an irekitzen duten denden aurrean
DENDAK IGANDE ETA JAIEGUNETAN IREKITZEA EZ DA IRTENBIDEA
Merkataritzako ordutegien liberalizazioak ez die bakarrik eskubide laboralei eragiten; nahi dugun gizarte-, kontsumo- eta hiri-ereduan ere baditu ondorioak.
Merkataritzako langileok eta hemen agertu garen sindikatuok borroka egingo dugu “0 irekitze” erreferentziari eusteko. Madrilen ere lehen urratsa lau egunez zabaltzea izan zen; gaur 365 egunetara iritsi dira, eguneko 24 orduz. Horregatik ezin zaio garrantzia kendu egun batez irekitzeari.
Hainbat arrazoi dugu, baita borrokako esperientzia luzea ere, igande eta jaiegunetan irekitzeko asmoari aurre egiteko:
*Egungo merkataritza-ordutegia aski zabala da gure erosketak egin ahal ditzagun (astean 72 ordu).
*Igande eta jaiegunetan irekitzea soilik batzuren onerako da, saltoki handien onerako, eta epe ertainera denda txikien itxiera ekartzen du. Tokiko dendak ezin dira saltoki handiekin lehiatu, ez baitaukate igandeak barne diren egutegia egiteko adina langilerik. Honen ondorioz, ordutegien liberalizazioak hirietako eta herrietako kaleak husten dira (Frantziako kasua).
*Igande eta jaiegunetan zabaltzeak ez du kontsumoa, ez enplegua sustatzen. Kontsumoa jota badago krisiak eragindako gastu-ahalmenaren jaitsieraren ondorio da. Beraz, irekitzeak ondorio bakarra du, gastua egun batzutatik bestetara mugiaraztea. Gizarteak ez du erosteko ordu gehiago behar, eros-ahalmen handiagoa baizik.
*Ia inor ez dator irekitzeko helburuarekin bat; ez euskal gizartea, ez dendari txikiak, ez kontsumitzaile elkarteak. Hainbat inkestatan kontsumitzaile gisa adierazi izan dugu ez dugula dendak igande eta jaiegunetan irekitzeko beharrik ikusten. Euskal herritarrok agerian utzi dugu familia eta merkataritzako langileen aisirako eskubidea gure kontsumoko interesak baino askoz garrantzitsuagoak direla.
*Laneko eta familiako bizitza kontziliatzeko eskubideari kalte larria eragiten dio ordutegien liberalizazioak.
*Igande eta jaiegunetan lan egiteko ei dauden ustezko boluntarioen egoera: aldi baterako kontratua dute, asteko 16 ordukoa, edota biak batera. Horrelako baldintzetan lanean ari dena beldur da, logikoa denez, esandako egunean lan egiteari uko eginez gero ez ote duten kaleratuko. Enpresarioen xantaia eta presioa kasuotan begibistakoa da.
Urteotan guztiotan frogatu da jaiegunetan irekitzea ez duela gizarteak eskatu, salmentak ez dituela gehitzen, ez lanposturik sortzen, eta onuradun bakarra saltoki handien interesak direla.
Horregatik, urtarrilaren 8an, merkataritzako langileok agerraldia egingo dugu FOR dendaren aurrean, Bilboko Gran Vian, goizeko 11etan, gure aldarrikapenak kaleratzeko. Ezarri nahi digutena ez da gure aisialdi eredua; hiriaren gure ikusmoldean gizatasunak garrantzia handiagoa du, eta denda txikiak zein kalitatezko enplegua hartzen ditu oinarritzat.
Gainera, dei egiten diegu sektoreko langileei eta dendari elkarteei igande eta jaiegunetako irekiera hauek sala ditzatela, eta parte har dezatela horien kontrako mobilizazioetan. Deialdia lan-munduari zuzentzen diogu, baita gizarteari oro har ere.
Azkenik, gogoratu beharrekoa da duela 27 urte Boyer dekretua onartu zenetik -hori izan zen ordutegiak liberalizatzeko lehen urratsa, betiko merkataritzaren zati baten desagerpena ekarri zuena- Euskal Herrian horren aurkako jarrerak ez du etenik izan. 27 urteotan emakume nahiz gizonak erabaki injustu hauen kontra mugitu egin dira.
Hain zuzen borroka luze honen argitan salatu egin nahi dugu Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Bernabe Unda sailburuak gatazka honetan izan duten esku hartzea, igande eta jaiegunetan zabaltzea nahi baitute. Abenduko azken egunetan izan zuten jokabideak, langileei irainka eta protesta mobilizazioak geldiarazi nahian, nabarmen uzten ditu. Ez baita hori agintari politikoengandik espero genezakeen jarrera.
Euskal Herrian,
JAI EGUNETAN DENOK JAI