BIZKAIBUS

ELAk alegazioak aurkeztu ditu, kudeaketa ereduari eta lan baldintzei buruz

ELAk alegazioak aurkeztu ditu, kudeaketa ereduari eta lan baldintzei buruz
ELAk Bizkaibusen publifikazioa eskatu du eta egungo proposamenean arriskuak daudela ohartarazi du, lan baldintzetan, segurtasunean eta zerbitzuaren kalitatean.

ELAk Bizkaibus zerbitzuaren aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dizkio, eta horietan kudeaketa ereduan aldaketa sakona eskatzen du. Enplegu, segurtasun, zerbitzuaren kalitate eta emakiden kontrolaren arloetan arriskuak daudela ohartarazten du, halaber.

“Onartezintzat” jotzen du oinarrizko zerbitzu publiko bat enpresa pribatuek kudeatzen jarraitzea, eta zerbitzua publifikatzea eskatu du, hau da, kudeaketa zuzenean sektore publikoaren esku uztea. ELAren arabera, eredu horrek enplegurako sarbidean aukera berdintasuna bermatuko luke, euskararen erabilera indartuko luke eta interes soziala irabazi ekonomikoaren gainetik jarriko luke.

Enpleguari eta lan baldintzei buruzko kezka
ELAk Bizkaibuseko enpleguaren egoeraz ohartarazi du, behin-behinekotasuna, lanaldi partzial eta zatituak eta ziurgabetasuna nagusi dela salatuz. Halaber, atsedenaldien, segurtasunaren eta lan-osasunaren arloko gabeziak ere azpimarratu ditu, horrek langileen ongizatea eta lanaren kalitatea arriskuan jartzen dituelako.

Aurreproiektuak ez ditu behar bezala argitzen funtsezko gaiak, hala nola gidatze denborak, atsedenen antolamendua edo enpleguan izango duen benetako eragina, eta horrek zalantza eta kezka sortzen du etorkizuneko lan ereduaren inguruan. Horregatik, zerbitzuaren beharrizanei erantzuteko lanaldi partzialeko kontratazioa baztertzen du ELAk, eta enplegua mugagabea, lanaldi osokoa eta txandaka antolatua izan behar dela defendatzen du.

Era berean, kontratazio berriak lan-poltsen bidez egitea proposatzen du, antzinatasuna eta borondatezkotasuna errespetatuz.  Plantillen subrogazio bermeak eskatzen ditu, esleipenetan aldaketak edo lineen eta ibilbideen desagerpenak gertatuz gero. Hala ere, ELAk azpikontratazioa baztertzen du eta enplegu guztia zuzena izan dadila defendatzen du.

Segurtasuna, lehentasun eztabaidaezina
ELAk segurtasunaren egoera “dramatikotzat” jo du eta langileen babesa zerbitzuaren diseinuan lehentasun nagusia izatea eskatzen du. Baldintzetan jasota ez badaude, enpresek hobekuntzak ez dituztela egiten salatu du, segurtasunarekin lotutakoak izan arren.

Horregatik, kontratuaren indarraldian segurtasun neurriak eguneratzea ahalbidetuko duten mekanismoak eskatzen ditu, gaur egun jasota ez dauden laguntza edo babes sistemak barne.

Informazioa, kontrola eta zehapenak
ELAk herritarrei informazioa hobetzea eskatzen du geralekuetan, pantailatan eta abisu-sistemetan, eta zerbitzu aldaketen kudeaketa hobea egitea. Aldaketa horiek gidarien lanetan duten eraginaz ere ohartarazi du.

Halaber, emakidadun enpresen kontrol, jarraipen eta zehapen sistema errealak eskatzen ditu, behin eta berriz gertatzen diren ez-betetzeak salatuz, segurtasunaren, ibilgailuen, kameren edo informazioaren arloetan ondoriorik gabe geratzen direlako.

Intermodalitatea eta plangintza
ELAk intermodalitatearen kontzeptua babesten du, baina ohartarazten du zorroztasunez planifikatu behar dela, erabiltzaileen galera edo zerbitzuaren narriadura saihesteko.

Zalantzak agertzen ditu zenbait linearen aldaketen inguruan eta Termibus bezalako azpiegituren gaitasunari buruz zerbitzu-karga berriak jasateko.

Elektrifikazioa eta azpiegiturak
Flotaren elektrifikazio prozesua eskasa dela uste du, eta azpiegituren eta kotxeren egokitzapen falta salatu du, zerbitzu moderno eta kalitatezkoa bermatzeko funtsezko elementu gisa.

Zerbitzuaren beste arazo batzuk
ELAk zerbitzuan egiturazko arazoak daudela adierazi du, hala nola linea askotan komunik ez egotea, instalazioen mantentze eskasa eta garbiketa hobetu beharra, bereziki asteburuetan.