ELA, Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundearen (BGAEen) Lege berriaren aurka

2012/02/23
ELAk argi utzi du lege berriak ezartzen duen eredua ez duela inondik ere onartzen, eta barne-hausnarketa aldi bat hasiko du, egoera berri honetan zein urrats egin behar duen erabakitze aldera.

Legebiltzarrak gaur goizean PSE eta PPren botoekin borondatezko gizarte-aurreikuspen erakundeak (BGAE) arautzen dituen lege berria onartu du. Eusko Jaurlaritzak enplegu-erakundeen alde egiteko aukera bikaina galdu du, baina gainera finantza-BGAEak sustatzeko erabakia hartu du.

Lege berriaren arabera enplegu-BGAEak hainbat aukera anitzen arteko bat besterik ez dira izango; gainera, erabakiak hartzeko moduan aldaketak ezarri dira, eta horrela ekarpen partekatuen eta bizi arteko errentaren eredua ezabatu dute, hots, pentsio osagarrien zinezko sistema baztertu eta BGAEak onura fiskalak dituen aurrezki modu bat bihurtu dituzte, diru gehien duen jendearen mesedetan.

ELAk argi utzi du lege berriak ezartzen duen eredua ez duela inondik ere onartzen, eta barne-hausnarketa aldi bat hasiko du, egoera berri honetan zein urrats egin behar duen erabakitze aldera.

Azkenik, legearen testua xehetasunez aztertutakoan iritzi osoago eta zehatzagoa egingo du sindikatu honek.