Hezkuntza Sailaren behin betiko proposamena onartezina da
Hau da martxoaren 27an aurkeztutako balorazioa.
ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuok esfortzu handia egin dugu Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntza sektore publikoan, Hezkuntza Sailarekin akordio bat lortzeko eta honela denboran luzatzen ari den gatazkari irtenbidea bilatzeko asmotan. Era berean, bai hezitzaile eta irakasle laboralen eta baita zerbitzuetako langileen sektorean negoziatzeko premia aldarrikatu dugu.
Hala ere, Hezkuntza Departamentuak martxoaren 20an egin zen irakaskuntzako Mahai Sektorialeko bileran, sindikatuontzako guztiz onartezina izan zen proposamena aurkeztu zuen. Honela sindikatuok helarazitako eskaerei erantzuna emateko bere gabezia adieraziz. Bilera hartan, beraz, sindikatu eta Administrazioaren arteko erabateko desadostasuna gauzatu zen.
Enpleguari dagokionez, Administrazioak iragarritako LEPa atzeratzeko eskaerari ezezko borobila eman dio, kontuan izan gabe hiru hilabete baino gutxiago falta direla frogak egin arte. Beraz, aurkeztu behar diren milaka langileek ezin izango dituzte azterketak behar bezala prestatu. Honela, Administrazioak, azterketak prestatu behar dituzten irakasleekiko errespetu falta adierazten du; ausartu dira esaten oposizio hauetan”nahiz eta ez gainditu edo oso nota baxua lortu, baldintza ezin hobeak ematen direla lanpostua lortzeko”.
Baita ere, egonkor izaera zuten langileei LOE ezarri bitartean (2011. urtera arte) egoera hau bermatzeko aukera ukatu die. Administrazioaren proposamenaren arabera, lehendabiziko LEP deialdiarekin, 1500 egonkor multzotik, lanpostuen %70a desagertuko zen. Hau da, lan eskaintza publikoa 1100 lanpostukoa izanik, kupo honetatik 770 pertsona desagertuko lirateke, frogak gainditu ala ez.
Beste aldetik, 55 urtetik gorakoentzako irakastorduen (ez lan ordutegia) murrizketari dagokion proposamena barregarria da: soilik haur eta lehen hezkuntzako 59 urtetik gorako irakasleentzako 2 orduko murrizketa.
Hezkuntza sistemaren behar berriei (inmigrazioa, teknologia berriak, elkarbizitza, hizkuntza normalkuntza, orientazioa…) aurre egiteko eta era horretan ikastetxeen kalitatea hobetzeko, baliabide gehiago eta figura berrien ezarpenari buruz, Hezkuntza Sailaren proposamenak zehaztapenik gabeko ebaluazio eta ikerketak planteatzen ditu, eta kasu batzuetan, jarraipenik izango ez duten aldi baterako neurriak.
Ratioen hobekuntza eta hezkuntza errefortzuak planteatzeko orduan, ez dago Administrazioaren proposamenean aldaketa orokor nabarmenik.
Testuinguru honetan, Administrazioak egindako proposamenean gai gutxi batzuetan agertzen diren aurrerapen eskasak (bi urteko geletako irakasle/gela ratioa 1,5ean finkatu) ez dira nahikoak iritzi ezkorra aldatzeko.
Ordainsarien igoerari aurre egiteko diru kopurua 6 milioi eurotik 9 milioira igotzea, 23.000 irakasleren artean banatzeko, oso eskasa da (pertsona bakoitzeko 33 euro/hilero baino gutxiago). Gainera, kopuru honen banaketa egiteko era diskriminatzaileak 14.000 irakasle kanpoan uzten ditu.
Badago beste hainbat gai garrantzitsu aztertu nahi ere ez dituztenak: irakastorduen murrizketa, plantilen igoera…
Beraz, Departamentuak bilera hau egin baino lehen komunikabideetan azalduriko jarrera optimistak inolako oinarririk ez zeukala ondoriozta daiteke. Era berean, gaurko bilerak argi utzi du esparru sindikaletik hilabetetan mobilizazioen kontra sistematikoki azaldu direnak, behin baino gehiagotan lan-hitzarmen ona negoziatzeko aukera zegoela aldarrikatuz, oker zeudela.
Hezitzaile eta Irakasle Laboralen Sektorean egoera oraindik larriagoa da, non sindikatuen ezezko iritziaren aurka LEPa gauzatu den eta baita Zerbitzuetako Langileen Sektorean non negoziazio prozesurik ez den eman.
Egoera honen aurrean, STEE-EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuok Hezkuntza Sistema Publikoaren alde eta sektoreko akordiok lortzeko gure konpromezua berresten dugu eta helburu horien alde jarraituko dugu lanean.
Gure ikuspegitik, eskolak aldaketa sakonak izan ditu azkeneko urte hauetan. Bertan lan egiten dutenen eginkizunak ere asko aldatu dira: erronka berriei aurre egin, gero eta ardura gehiago bere gain hartu, errealitate berriei erantzun, gizarteak eskatzen dien zerbitzu gero eta ugariagoak bete.
Baina, eskolak aldaketa hau izan duen arren, Administrazioak ez ditu ezarri egoera berri horri aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren neurriak. Aitzitik, Hezkuntza Sailak zero kostuko negoziazioa planteatu du eta, horrez gain, Hezkuntzara bideratutako aurrekontu-gastuaren portzentaia urtetik urtera murriztuz doa.
Horren ondorioz, egoera berri horri erantzuteko ahalegin guztiak, sistematikoki bere gain gero eta eginkizun gehiago hartzen dituzten langileei egitea egokitzen zaie. Eta langile horiek nekatuta daude hezkuntza-arduradunen utzikeriaz.
Zentzu honetan, nabarmendu beharra dago sindikatuen eskaeren helburua ez dela soilik lan baldintzak hobetzea. Aitzitik, aldarrikatzen diren neurriek eskola publikoa eta irakaskuntzaren kalitatea ere hobetzea dute xede. Eskaera horien artean hauek dira azpimarragarrienak:
- figura berriak ezarri: era horretan ikasleek eta gizarteak dituzten beharrei modu egokian erantzun ahal izateko beharrezkoak diren espezialistak eta baliabideak egon daitezen ikastetxeetan.
- irakastorduak (ez lan ordutegia) murriztu 55 urtetik gorakoei; adin horretatik aurrera ikasleekiko arreta zuzeneko ordutegia laburragoa izan dezaten irakasleek.
- egonkortasun-konpromezua mantendu.
- ratioak egokitu; talde bakoitzeko irakasle gehiago egon dadin eta ikasle gutxiago gela bakoitzeko.
- lan-legepeko ordezkoei udako kobraketa onartu.
- suertatzen diren baja guztiak ordezkatu.
- garbiketa eta sukaldeko langileen soldatak parekatu.
- gure ordain sarien erosteko ahalmena mantendu.
- irakasle guztien lan baldintzak parekatu.
Esaten genuen bezala, oso argi daukagu Hezkuntza Publikoaren kalitatea eta hor lan egiten duten langileen lan-baldintzak txapon berdinaren bi aldeak direla.
Administrazioaren eta bereziki Hezkuntza Sailburua den Tontxu Camposen prozesu guzti honetan zehar izandako jarrera salatu nahi dugu. Nahiz eta gatazka honetan 25.000 langile baino gehiago egon, ez da sindikatuekin bildu. Hemendik bere erantzukizunari aurre egiteko exigitzen diogu.
Hau guztia dela eta, ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuok irakaskuntza sektorean informazio, eztabaida eta kontsulta epea zabaldu dugu etorkizunean egin beharreko mobilizazioen inguruan.
Hasteko, datorren ostegunean hilak 29, goizeko 11.00etan Bilboko Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Ordezkaritzaren aurrean delegatu sindikalen kontzentrazioa egingo dugu.