EAE ESPETXEAK

Protesta esperientzia kontuan hartzen ez duen EPEa salatzeko

2026/04/21
Protesta esperientzia kontuan hartzen ez duen EPEa salatzeko
ELAk salatu du Jaurlaritzaren proposamenak ez dituela aitortzen espetxeetako langile bitartekoen urteetako lana, eta prozesu bidezkoagoa eskatu du, proba fisikorik gabe.

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak espetxeetako Lanpostuen Zerrenda osatzeko proposatutako Enplegu Publikoko Eskaintzaren (EPE) oinarriak.

Gaur, apirilak 21, asteartea, 14:30ean, espetxeetako langile bitartekoak Bizkaiko espetxearen sarreran bildu dira, Basaurin, prozesu honen aurkako protesta egiteko. Haien esanetan, urte luzez funtsezko lana egin dute espetxe-sistemaren funtzionamendua bermatzeko eta eskumen-transferentzia sostengatzeko, baina Administrazioak ez du lan hori behar bezala aitortu.

ELAk uste du EPE honen baldintzek kalte egiten dietela urteetan zerbitzua mantendu duten langileei, eta berehala aldaketak egitea eskatu du.

Zentzu horretan, sindikatuak honako hauek eskatzen ditu:

- EPE bidezkoa eta bermeekin hornitua izatea.
- Proba fisikoak kentzea.
- Espetxeetan eta Aukerak-en egindako esperientzia benetan baloratzea.
- Praktikalditik salbuestea, bereziki esperientzia duten langile bitartekoentzat.

ELAk azpimarratu du esperientziak izan behar duela plazak esleitzeko irizpide nagusia, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio kontuan har ditzala hasieratik Zigorrak Betetzeko Euskal Sistemaren garapenean parte hartu duten pertsonak.