DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) jasotzen dutenak kriminalizatzeko joera salatu du ELAk
ELAk DBEren (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) aldeko kanpaina aurkeztu du gaur goizean Donostian. Izan ere, azpimarratu beharra dago DBEri esker herritar batzuek bizimodu duinago izateko aukera dutela, oinarrizko diru-sarrera batzuk behintzat bermatzen dizkielako neurri horrek. Zentzu horretan, errenta horri egiten ari zaizkion murrizketak salatu ditu sindikatuak.
Adolfo Muñoz “Txiki” Idazkari Nagusia eta Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna izan dira kanpainaren aurkezpenean. Muñozen hitzetan, harro sentitzekoa da borroka honetan parte hartzea, pertsona guztiei diru-sarrera duinak bermatzeko borroka baita hau. “Hain eragin sozial handia duen borroka honetan parte hartzeak merezi du, asko gainera”.
Alde batetik, ELAk argitu du azterketa ofizial guztien arabera, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan atzeman den iruzurra oso baxua dela; bestalde, EHUaren txosten baten arabera, EAEko iruzur fiskala urtean 3.200 milioi euro ingurukoa dela. DBEn urtean egiten den inbertsioa 400 milioi baino apur bat handiagoa da. DBEko iruzurra %5 izango balitz, eta ez da, urtean 20 milioi izango ziren; iruzur fiskala, ordea, 160 aldiz handiagoa da. “Gauza bat iruzurraren aurka egitea da, eta horrekin bat gatoz; eta beste bat, ordea, zenbait kasu aitzakiatzat hartuta herritarren eskubideak murriztu nahian ibiltzea. Hori ez dugu onartuko”, adierazi du Novalek.