Aurrekontuak ez ditu jasotzen etxebizitzaren aldeko greba orokorraren aldarrikapenak
Nafarroako Gobernuak 2027ko Nafarroako Aurrekontuen Aurreproiektua aurkeztu du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan (EGK). Lehenik eta behin, ELAk salatu du Gobernuak ez duela inolako interesik aurrekontuak egiteko prozesua benetan parte hartzailea izan dadin. EGKren bilera bera legezko tramite hutsa da: aurrekontua aurkezten da, baina ez dago bertan egiten diren ekarpenak kontuan hartzeko inolako aukerarik.
2027ko aurrekontuaren aurretik, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak akordioa egin dute aurreko urteetako aurrekontuetan metatutako superabita erabiltzeko. Hala ere, superabit hori ez da 2027ko aurrekontuan txertatuko, eta, batez ere, azpiegituretara bideratuko da. Hau da, bere garaian osasunean edo hezkuntzan gastatu ez zen diru hori ezin da erabili, esaterako, enplegatu publikoen lan baldintzak hobetzeko.
Era berean, aurrekontu hau baldintzatuta dago zerga erreforma egiteari uko egin izanagatik. ELAren iritziz, ezinbestekoa da zerga erreforma sakona egitea, Nafarroako herritarren beharrei erantzungo dien aurrekontu politika gauzatu ahal izateko.
Gabezi nagusiak
Aurrekontuaren edukiari dagokionez, ELAren iritziz, honako alderdi hauek nabarmendu behar dira:
• Estatuari egin beharreko ekarpena % 68,5 handitu da (996 milioi eurora iritsi arte), eta zorraren eta itzalpeko bidesarien ordainketa % 17,6 handitu da 2015etik. Gastu hauek aurrekontu osoaren % 21,5 hartzen dute, hau da, 1.563,3 milioi euro.
• Ez da bermatzen etxebizitza izateko eskubidea, eta etxebizitzan egiten den inbertsioa guztiz eskasa da. Etxebizitzarako aurrekontua 117,8 milioi eurokoa da, aurrekontu osoaren % 1,6. Ildo horretan, alokairuaren bidez emantzipatzeko laguntzetara (Emanzipa eta David programak) 13,4 milioi euro baino ez dira bideratzen.
• Osasunean eta hezkuntzan aurreikusitako gastua Europako parametroetatik urrun dago oraindik. Nafarroak Europar Batasunak osasunean gastatzen duena baino 504 milioi euro gutxiago gastatzen ditu, eta hezkuntzan, berriz, 415 milioi euro gutxiago.
• Bezerokeriak eta CENi, UGTren eta CCOOri emandako finantzaketa publikoak bere horretan jarraitzen dute. 2022An berreskuratu zen finantzaketa.
ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio gastu publikoa handitzeko eta etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko. Ildo horretan, Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak ez ditu jasotzen azaroaren 11ko Greba Orokorraren aldarrikapenak.
Horregatik guztiagatik, ELAk negatiboki baloratu du Aurrekontuen Aurreproiektua, eta EGKren bileran gizarte berdinagoa lortzera eta gizartearen beharrak asetzera bideratutako aurrekontu politika eskatu du.