Gipuzkoako Diputazioak bere gain hartzen du Errepideetako Negurako Plan prekario eta arriskutsua

2016/11/16
Gipuzkoako Diputazioak bere gain hartzen du Errepideetako Negurako Plan prekario eta arriskutsua
ELAk ez du inoren bizia arriskuan jarri dezakeen murrizketarik onartuko, eta errepideetako baldintza eta segurtasun arauetan, lan segurtasunean, eta lan hitzarmenean ezarritakoa aplikatzea exijitzen du. Zortzi hilabeteko grebaren ondoren, Diputazioak entzungorrarena egiten du langileek errepideetako mantenuaren protokoloaren inguruan egin dituzten salaketen aurrean.

Pasa den Azaroaren 10ean Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen 2016-2017ko Errepideetako Negurako Planaren aurkezpenaren harira, ELAtik  Diputazioak iazko planeko irregulartasunak konpontzeko azaldu duen erabateko utzikeria salatu nahi dugu. ELAk frogatu zituen aipatutako irregulartasunak, eta gaur egun, langileen zein erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duen erantzun baten zain jarraitzen du. Hori dela eta, aurretiaz gure aldarrikapenei irtenbiderik eman gabe Errepideetako Negurako Plan berri hau aurkeztu izana salatu nahi dugu. Izan ere, ezinezkoa deritzogu erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izatea mantenu zerbitzu horietaz arduratzen diren langileen segurtasuna bermatzen ez bada.

Bestalde, urte honetako Errepideetako Negurako Planean planteatu diren neurriak gehiago zehaztea eskatzen dugu, bertara bideratu diren giza baliabideak ia erdira jaitsi baitira iaztik hona (aurreko urtean 322 langile bideratu ziren, eta aurten, berriz, 180). Horregatik, ELAk eszeptizismoz begiratzen ditu Diputazioaren oinarrizko interesak: Segurtasuna lehenesten al du? Prekarietateari jarraitasuna emateko asmoa al dauka?

ERREPIDEETAKO NEGURAKO PLANA

2015-2016

2016-2017

AURREKONTUA

2,5 milioi euro

2,5 milioi euro

ELURRA KENTZEKO KAMIOIOAK

78 kamioi

80 kamioi

IBILGAILU ARINAK

15 ibilgailu

12 ibilgailu

PERTSONEN ZENBATEKO OSOA*

322 pertsona

180 pertsona

*Zenbateko osoa (elurra kentzeko kamioien eta ibilgailu arinen gidariak, gruistak, kontrol zentroko pertsonala, arduradunak, segurtasun ekipoak, etb..).

Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo Errepideetako Neguko Planean ezarritakoa zehaztasunez ezagutzea helburu, ELAk errepideetako mantenuko enpresen zuzendaritzei Lan Harremanen Kontseiluan (PRECO) biltzeko deialdia luzatzen die. ELAk ez du inoren bizia arriskuan jarri dezakeen murrizketarik onartuko, eta errepideetako baldintza eta segurtasun arauetan, lan segurtasunean, eta lan hitzarmenean ezarritakoa aplikatzea exijitzen du.