NHEBZ

ELAk zentroaren publikotasuna defendatuko du erasoen aurrean

ELAk zentroaren publikotasuna defendatuko du erasoen aurrean
Sindikatuak bat egiten du dimisioa ematerakoan Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren (NHEBZ) zuzendaritzak adierazitako arrazoiekin eta egindako irakurketarekin.

NHEBZko zuzendaritzak dimisioa adierazterako orduan, besteren artean, arrazoi nagusi bezala Hezkuntza Departamentuak Alegria Fundazioarekin sinatutako elkarlan hitzarmenean jasotzen diren zenbait puntuk hezkuntzaren pribatizaziorako bidea irekitzen duela azpimarratu du.

Aniztasunari arreta emateko zerbitzu bat bada ere, badira hezkuntzaren bestelako sektoreetan hainbat adibide. Duela gutxi Lanbide Heziketan izan diren hiru greba egunetan salatu den alderdi horietako bat horixe izan da, enpresa munduaren gero eta presentzia handiagoa, publikoa eta unibertsala izan behar duen hezkuntza kapitalismoaren mozkin interesei men egitera bideratzea, besteak beste.

ELAk salatu izan du Nafarroako aurrekontuek UNESCOk gomendatzen duenetik oso urrun jarraitzen dutela. BPGaren %6koa izan beharko lukeen inbertsioa ez da %4ra ere iristen. Izan ere, Gobernuan diren  hiru alderdiek euren programa akordioan adostutako ere ez dute betetzen, bertan hezkuntzan egin beharreko inbertsioa BPGaren %5a izan behar zuela jasotzen baitzen.

"Berriz ere ikusten da austerizidioan oinarritutako politika hauek zerbitzu publikoen pribatizaioa dutela helburu, hauek urratzen diren bitartean interes pribatuen negozioa areagotuz", kritikatu du ELAk, eta adierazi du oinarrizko zerbitzu hauetan lan egiten duten langile publikoen bizkar botatzen dela gainkarga: "Inbertsio faltak eta kudeaketa kaxkarrak eragindako egoera honek muturreraino eramaten ditu, eztanda egin arte". ELAk txalotu egiten du NHEBZko zuzendaritzak adierazitako profesionaltasuna, eskaintzen duten zerbitzu publikoa arriskuan ikusterakoan beste alde batera ez begiratzeagatik eta aurrera emandako urratsarengatik. Erasoen aurrean, sindikatuak borrokan jarraituko du zerbitzu publikoen defentsan.