ENPLEGU PUBLIKOA

Gorenak baztertu du kontratazioan iruzurra jasan duten aldi baterako lan-kontratuko langileen finkotasun automatikoa

2026/05/12
Gorenak baztertu du  kontratazioan iruzurra jasan duten aldi baterako lan-kontratuko langileen finkotasun automatikoa
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, Auzitegiak aukera hori zabalik uzten du laboralentzat, era mugatuan, lanposturik lortu gabe LEP bat gainditu ondoren behin-behineko kontratazioan abusua jasaten baldin badute.

ELAk mobilizazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, beharrezkoak diren kontsolidazio-prozesuak bultzatzeko eta Administrazioaren behin-behinekotasunaren arazoarekin amaitzeko. 

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gaur jakinarazi du Auzitegi Gorenak Administrazio Publikoko aldi baterako lan-kontratuko langileei buruz emandako epai baten edukia. Epai hori Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2026ko apirilaren 14ko epaiaren arabera eman da, Auzitegiak planteatutako gai aurrejudizial bat ebatzi zuena. Epaiaren testu zehatza ezagutu eta arretaz aztertu bitartean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gaur argitaratutako prentsa-oharretik ondorioztatzen da Estatuko auzitegiek baztertu egiten dutela Administrazio Publikoaren zerbitzura dauden aldi baterako langileen finkotasun automatikoa, zehapen-neurri gisa, behin-behinekotasunaren abusua dagoen kasuetan.

Hala ere, badirudi epaiak "AENA doktrina" delakoaren espiritua berreskuratu duela; izan ere, ulertzen du pertsona batek, lan-kontratuko langile finkoak kontratatzeko LEP batean parte hartu badu eta gainditu badu, baina plazarik lortu ez badu gaitasuna erakutsi duten izangai-kopurua eskainitako plaza-kopurua baino handiagoa delako, eta gero iraupen jakineko kontratuak izenpetzen baditu eta behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen bada, kontratu hori lan-harreman finko bihurtzea erabaki daitekela. Beraz, badirudi ate bat irekitzen dela. Edozein kasutan, kasu bakoitzaren balorazio eta erreklamazio indibiduala beharko da. Azpimarratu behar da lan-kontratuko langileentzat ezartzen dela neurri hori.

ELAk salatu izan du ez Iceta Legea deiturikoa, ez EAEko Administrazioaren Kidego eta Eskalen Legea, ez gainerako araudia, ez direla konponbide nahikoa eta bermatzailea aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabilera jasaten ari diren sektore publikoko milaka langileentzat. Konponbidea, nahitaez, plantilla horiek kontsolidatzea eta etorkizunean egoera hori berriro errepikatzea eragotziko duten neurriak artikulatzea izango da. Horrez gain, ELAk behin eta berriz adierazi du auzitegiek ez dutela langile horien finkotasun automatikoa eta orokorra ebatziko, azken urteetan emandako epai ugarietan gertatu den bezala.

Horregatik guztiagatik, gaur egun inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da mobilizatzen jarraitzea beharrezkoak diren lege-aldaketak egin daitezen, Hego Euskal Herriko sektore publikoan dauden 77.000 aldi baterako langile finkatzen direla bermatzeko. Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako erakundeen propagandatik haratago, Eustaten datuak izugarriak dira: behin-behinekotasunaren batez besteko zifra %35etik gorakoa da, Iceta Legeak ezartzen zuen %8tik oso urrun. Tasa hori sektore pribatukoa baino hiru aldiz handiagoa da, eta osasungintza bezalako esparruetan %40tik gorakoa.

Egoera hori izanik, gure gobernuek eta erakundeek, behin-behinekotasunaren arazoari irtenbidea emateko beharrezko neurriak hartu eta eskura dituzten tresna guztiak erabili beharrean, gogo onez onartu dute egoera hori, langileen aurrean diziplina neurri gisa erabiltzeaz gain, sektore publikoa argaltzeko eta pribatizatzeko ere balio izan diena.

ELAk argi du birjarpen-tasekin amaitu behar dela, eta konponbideak martxan jarri behar direla, aldi baterako milaka langileak finkatu ahal izateko eta egoera hori etorkizunean errepika ez dadin neurriak hartzeko. Azken urteotan ELAk bultzatu dituen sektore publikoko greben aldarrikapenetako bat da, hain zuzen ere, gure sektore publikoko enplegua eta soldata hemen negoziatu eta erabaki ahal izatea.