ELAren ustez Barcinak uko egitea berri ona da, baina ez da nahikoa

2014/11/11
Gobernuko presidenteari berehalako dimisioa exijitzen dio eta Nafarroako potere egiturak aldatzeko mobilizazio ahalegin handia beharrezkoa izango dela iritzio dio sindikatuak.

ELA Sindikatuarentzat Yolanda Barcinak UPNren hauteskunde zerrendetako buru izateari uko egitea berri ona da, Nafarroako gizarteak berak ordezkatzen duen erregimen politikoa zalantzan jartzen duela erakusten baitu.

Barcinak ez dimititu izana eta hauteskundeak ez galdu izana kontutan hartzekoa dela uste du ELAk. Maiatzetik aurrera egungo presidentea lehen lerrotik kenduko da, baina erregimenak baditu hainbeste ordezko. Nahiz aurpegi berriak izan edo ez, UPNko hautagaiak langile klasearen aurkako politika antisozial bortitzak aurrera eramateko bidea dira.

Horregatik, Barcinaren erabaki pertsonalak ez digu aldaketa sozial eta politiko sakon eta iraunkor baten aldeko mobilizaziotik apartatuko.

ELAk arrazoirik gabeko triunfalismoan ez erortzeko deia egiten du. Barcinak uko egitea ez da nahikoa; Nafarroako Gobernuko Presidente izateaz dimititu beharko luke, langileen aurkako murrizketa politika itogarri baten eta Nafarren elkarbizitza okertu duen kudeaketa penagarriaren erantzule delako.

Iragarki honen atzean nafar elite ekonomiko eta politikoak UPN eta PSNren estatu paktoa berrargitaratzeko asmoa dago. Barcinaren erabakia testuinguru honetan ulertu behar da, eta batez ere kontuan izanda CEN, UGT eta CCOOen biziraupen ekonomikoa bermatu nahi duen legea Parlamentuan onartu berri dela.

ELAk uste du berri hau mobilizazioa areagotzeko bultzada izan behar duela, benetako aldaketa eman dadin eta ez aldaketa partziala. ELAk demokraziaren kalitatea hobetzeko eta langileen aldeko politika publikoak ezartzeko beharrezkoa den aldaketa soziala eta politikoa emateko egungo Nafarroako potere instituzionalen egituren aldaketa sakona nahitaezko baldintza dela azpimarratu nahi du.