Joseba Villarreal Alternatiben Herriko “Prekarietatearen aurreko alternatibak” mahai-inguruan
Villarrealek, halaber, prekarietatearen alderdi guztiak erakutsi dizkigu: langabezia, soldata ziztrinak, gogoz kontrako lanaldi partzialak, emakumeen soldata-diskriminazioa, malgutasuna areagotzea, azpikontratazio basatia, “outsourcing” enpresak ezartzea, ABLE/ETTak modu irregularrean erabiltzea, aparteko ordu ordaingabeak…
ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak azpimarratu du, zailtasunak zailtasun, errealitate horri aurre egin behar diogula, zuzenean pairatu behar dutenek ez ezik, gainerako guztiok ere bai, etorkizun hori langile guzti-guztioi ezarri nahi digutelako.
Ildo horretaik, ELAren alternatiba zehaztu du: horrelako egoerei aurre egiteko abagunea bilatu, eta langileak enpresetan eta sektoreetan antolatu, lan-eskubideak hobeto defendatzeko. Gero gogora ekarri digu zein izan diren azken urteotako ELAren ekarpen berriak: Gipuzkoako Aldundiak onetsitako araua, eraikuntzaren hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko; eta, baita ere, Nafarroako Parlamentuak onetsitako LHE/ILP, Gasteizkoan izapidetze bidean, azpikontratetako langileei gutxieneko baldintzak ziurtatzeko. LHE/ILPren haritik, Villarrealek esan digu behar-beharrezkoa dela botere politikoa tartean sartzea prekarietatearen aurkako borrokan.
Espero izatekoa zenez, ELAko Negoziazio Kolektiboaren arduradunak, bere partehartzea amaitzeko, dei egin digu antolamendua eta borroka egitera, eta norabide horretan indarrak batzera bultzatu gaitu.