ArcelorMittal-eko lantegi guztien aldeko apustua eskatzen du ELAk
Mittal taldeak Euskal Herrian eta estatu espainolean dituen lantegietan doikuntzarik egitekotan egiturazko doikuntzak izango direla esan dezakegu oraingoz.
Alde horretatik ez da ahaztu behar konpainiaren politika zertan den: soil-soilik emaitza onik lortzen duten lantegiak bultzatuko dira, eta produktuak espezialitateen arabera metatuko dira. Bestalde, haiek "industria-elkartasuna" deitzen dutena aintzat hartuz, ez dira berdinduko enpresa baten etekinak beste baten galerekin. Eta beraz, galbidetik doazen lantegiei ez zaie lagunduko.
ELAtik eskatzen diogu enpresari lantegi guztien alde egiteko. Milaka familia daude erabaki horren menpean. Ez da ahaztu behar lantegi bat ixteak eragin itzela duela, plantillan ez ezik, lantegiaren inguruko industrian eta gizartean.
Beharrezkoa da Gasteizko eta Iruñako gobernuak gure egoeraz jabetzea. Bergarako altzairutegia noiz hasiko da berriro jardunean? Plantillako langileen batez besteko adina 55 urtekoa denean, zelako etorkizuna izango ote dute enpresa horiek? Herri-erakundeei berdin die Euskal Herria industria gabetzeak?
Horregatik guztiagatik, ELAk bilera-txanda bati ekingo dio, administrazio guztiak akuilatzearren. Inbertsioak eta ekoizpen-kargak eskatuko ditugu, instalazioen bideragarritasuna ziurtatzeko. Jakin badakigu nolakoa den ekonomiaren egoera, baina geureari eutsi behar diogu gogotik. Gogoan dugun Euskal Herriak industria eta lan-baldintza duinak izan behar ditu. Mittaldarrek beren interesen alde begiratzen dute, eta guk ez dugu geureagatik begiratu behar kemen beraz?