Mitxel Lakuntza: “Patronalak eskatzen duena betetzen du lan erreformak”

2022/01/17
Mitxel Lakuntza: “Patronalak eskatzen duena betetzen du lan erreformak”
Irabazle bakarra patronala da. Hala mintzatu da Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia lan erreformari ezetz esateko urtarrilaren 30erako deitutako mobilizazioen harira. “Patronalak eskatzen zuena betetzen du lan erreformak”.

Antonio Garamendi CEOEko burua eta Eduardo Zubiaurre Confebaskeko buruak pozarren azaldu direla oroitarazi du Lakuntzak, Espainiako Gobernuak, CEOEk zein UGT eta CCOO sindikatuen hitzarmenak aldaketa gutxi batzuk besterik ez baititu ekartzen. “Erreforma jendaurrean saltzeko, esaten dute kontratazioetan eta ultraktibitatean aldaketak adostu dituztela. Eta egia da. Baina esaten ez dutena da gainontzeko eduki guztia bere horretan utzi duztela”. Ondorioz, Rajoy eta Zapateroren lan erreformek indarrean jarraituko dutela ohartarazi du.

Gainera, indargabetzea beharrezkoa da bai arrazoi sindikalengatik, eta baita arrazoi demokratikoengatik ere. “Hemen beste gehiengo bat dago, eta hori errespetatzea ezinbestekoa da”. Horregatik, ziurtatu du estatuko hitzarmenen aurrean hemengoei lehentasuna ematea oinarrizkoa dela, eta berme juridikoa izan dezaten eskatu du, oraingoz ez baitute. Horregatik, Espainiako Kongresuan ezezkoa bozkatzeko eskatu die EAJri eta EH Bilduri, eta herritarrei mobilizazioetan parte hartu dezaten dei egin die.