Patronalek ez dute proposamen berririk egin Bizkaiko adinekoen egoitzetako gatazkari irtenbide bat emateko
Patronalek ez diete erantzun ELAk egindako eskariei, eta berriro nabarmendu dute konponbidearen gakoa Bizkaiko Foru Aldundiak duela, itunpeko egoitzen zerbitzua %70 finantzatzen baitu. Aurreko bileran bezalaxe, esan duten bakarra izan da Aldundiari dagokiola aurrekontuak gehitzea, eta erakundeak ordaintzen dituen 3.000 plazen prezioa oheko %2,5 jaitsi nahi izateak ez diela kolektiboaren erreibindikazioak asetzeko aukerarik ematen. ELAk kargu hartu die posizio hau dela eta, eta patronalei eskatu die busti daitezela benetan gatazka konpontzen, Aldundiak egiten dituen ekarpenekin bai baitaukate langileen eskariak betetzeko aukera.
Bestalde, ELAk gogoratu du kalitatearen zerbitzua hobetzeko ardura Bizkaiko Aldundiari ere badagokiola; hala frogatu dute azken asteetan plazaratu diren txostenek; horregatik, sindikatuak eskatu du foru-erakundeak ere gatazka amaitzeko ahalegin bat egin behar duela. Hain zuzen, ELAk Gizarte-Ekintzako diputatua den Isabel Sanchez Roblesi birritan eskatu dio bilera, baina ez du erantzunik jaso.
Datozen egunetan ELAk hitzorduak jarri ditu egoitzetako erabiltzaileen senideen elkartearekin eta beste hainbat gizarte-eragilerekin, gatazka zertan den azaltzeko eta zahar-etxeetako zerbitzuaren kalitatea nola hobetu litekeen aztertzeko.
Halaber, sindikatuak lantokietan batzarrak deituko ditu mobilizazioekin jarraitzeko; litekeena da Gabon jaien inguruan greba egun gehiago izatea.