ELAk balorazio positiboa egin du Gipuzkoako Aldundiak egoitzetako hitzarmenak berritzeko egin duen azken proposamenaz
Joan den astelehenean Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) bilerak izan ditu negoziazio-mahaiko sindikatu guztiekin, lehenik, eta sektoreko patronalekin (LARES eta ADEGI), ondoren, egoitzetako sektorean negoziazioa dagoen atakatik atera nahian. Bilerak eginda, GFAk alderdi guztiei enpresa- eta sektore-hitzarmenak berritzeko proposamen zehatza helarazi die. Proposamen hau luzatu aurretik, sektoreko eragile guztiek GFAri hainbat proposamen egin zioten; haatik, patronalak erabat ukatu du baldintza ekonomiko eta sozialak hobetzeko aukera.
ELAk begi onez ikusten du Aldundiak egindako proposamena, soldatak asko hobetzeko aukera ematen duelako, baita erreforma laborala ez aplikatzeko artikuluak sartu eta prekarietateari mugak ezartzen dizkiolako ere (lan-egutegia eta pertsonalaren gutxieneko atsedenaldiak, aldi baterako langileen lan-poltsa eta lanaldi partzialeko zein gauez diharduten langileen baldintzen hobekuntza).
ELAk dei egiten dio patronalari errealitate laboral hau aintzat hartu eta hitzarmenak berritzeko akordioak ahalbidetu ditzan. Izan ere, hala ez bada, ELA ziur baitago ADEGI eta LARES patronalen jarrera itxi eta zentzugabeak lan gatazkara baino ez gaituela eramango; azkenean, ordea, hitzarmen berriak sinatuko dira. Hain zuzen, gogoratu beharra dago ELAk Gipuzkoako egoitzetan hiru greba egun deitu dituela, maiatzaren 6tik 8ra bitartean.
Azkenik, ELAk adierazi nahi du akordioak iristeko prest dagoela, berehalakoan, negoziazio-mahai bat irekita dagoen eremu guztietan.