Mobilizazio jendetsuak murrizketen aurka
Nafarroan bigarren hezkuntzan grebaren jarraipena %60koa izan da, administrazio orokorrean %50koa eta Osasunbidean txikiagoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko udaletxe gehienetan (Errenteria, Irun, Zarautz, Eibar, Basauri, Galdakao, Erandio, Leioa,Azkoitia, Barakaldo, Tolosa,Pasaia,Oñati...), hiriburuak barne, elkarretaratzeak egin dira. Berdin Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputazioen aurrean. Ospitale, administrazio orokorrean, ikastetxe, unibertsitate eta anbulatorioen aurrean ere elkarretaratzeak egin dira goizean zehar.
Gizalan federazioko idazkari nagusi Igor Eizagirrek Bilboko udalaren egindako bilkuran izan da, eta bertan azaldu duenez “zerbitzu publikoak jasaten ari diren eraso sistematikoari aurre egin behar diogulako, eskubide sozial eta laboralen murrizketen aurrean eta lanpostuen galera eta enpleguaren suntsiketaren aurrean besoak gurutzaturik egoteko prest ez gaudelako”.
ELAko arduradunak administrazioen jarrera salatu du. Bere hitzetan “badakigu zergatik dioen Lopez jaunak ez dituela Rajoyren neurriak aplikatuko: langileon eta herritarren gehiengoak argi azaldu duelako ez dituela murrizketak onartzen! Hori esan diegu behin eta berriro Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta baita Madrilgoari ere! Hori adierazteko mobilizatu gara, lanuzteak eta greba orokorrak egin ditugu eta milaka lagunez osatutako manifestazioak burutu ditugu 3 urte hauetan”.
“Gaur ere kalean gaude gure eskubideak defendatzeko, ez ditugulako murrizketak onartzen! Ez dugulako onartzen eta ez dugulako onartuko oinarrizko zerbitzu publikoak kaltetzea!
Gertatzen ari dena berriro ere salatu nahi dugu, zerbitzu publikoak jasaten ari diren eraso sistematikoari aurre egin behar diogulako, eskubide sozial eta laboralen murrizketen aurrean eta lanpostuen galera eta enpleguaren suntsiketaren aurrean besoak gurutzaturik egoteko prest ez gaudelako.
“Dena den, zehaztu du badakigula zer dagoen jokoan. “Ozen eta garbi adierazi nahi diegu ez dela nahikoa Madrilgoak ez aplikatzea, hemen bertan ezarri diren murrizketak atzera bota behar dituztela, murrizketak murrizketen gaineko dinamikak hondamendira garamatzalako, bidezkoa ez delako eta krisiari aurre egiteko balio ez duelako!”.
“Ez dugu bere diskurtsoa sinesten, ustez autonomista eta oinarrizko zerbitzu publikoen defentsakoa. Hiru urte daramatzate murrizketak egiten Madrilgo aginduei men eginez eta bertan zehaztutakoak ezarriz! Beraiek okertu dituzte zerbitzu publikoetako langileen lan baldintzak, beraiek ezarri dituzte soldata-murrizketak, enplegu suntsiketa, lan-hitzarmenen edukiak ez betetzea, lan-baldintzak, bajen kobertura, erretiroa, ordezkapenak, aurrekontuak… Ez dute inolako laguntzarik behar izan, euren ekimenez inposatu dute dinamika hori. Eta bat egin dute estatuan ezarri diren lan erreforma eta pentsioen erreformarekin, bertako langileoi horiek guztiak inposatuz!
”Beste irtenbideak badaudelako, ez dugu etsiko! Berriro dirutza ikaragarriak emango dizkiete bankuei. Oraingo honetan Bankiarekin egingo duten bezala, aurretik milaka milioi euro desbideratu dituzte fondo publikoetatik, zerbitzu publikoetatik eta gizarte laguntzetatik, lapur horien poltsikoetara. Berdin zaie langabezia gero eta handiagoa izan, euren etxeetatik jendea kaleratzen dutela ikustea, gehien behar dutenentzako gero eta diru gutxiago izatea, garbi adierazi dute noren eta zeren alde dauden.
Era honetan, zerbitzu publikoetako langileen eta euskal jendartearen gehiengoaren aldarrikapenak oso zehatzak direla, azpimarratu du.
-
Ez ditzatela onartu ezta aplikatu ere Madrildik datozen neurriak.
-
Indargabetu ditzatela orain arteko neurri murriztaile guztiak: Dekretu bidez Zerbitzu Publikoetan inposaturikoak, sektore desberdinetan ezarritakoak, aurrekontuen bidez eginikoak…
-
Politika fiskalak alda ditzatela eta zerbitzu publikoak indartu ditzatela, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak baitira.