Elkartasuna Laminaciones Arregiko grebalariei
Manifestazioa hasi aurretik ELAko ordezkariek batzarra egin dute Europa Jauregian. Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak salatu du patronalak gobernuburuak alde dituela eta negoziazio kolektiboa blokeatzen dutela. "ELAk bere esku dagoen guztia egingo du harrotuta dagoen patronal honi aurre egiteko".
Era honetan, soldatak aldarrikatzeko eskatu die Europa Jauregian bildutakoei. "Soldata aldarrikatzea, enplegua eta pentsioak defendatzea da ere". Bestalde, Muñozek salatu duenez unean-unean gobernuan dagoen alderdia gorabehera funtsezko erabakietan bat datoz. “Politikak zentzua galdu du, eta honen adibide gisa EAJ-PSE-PPren arteko aurrekontuei buruzko ituna aurkitu genezake. EAJkoek diote itun hau ez zaiela ezer kostatu, eta PSEren arabera, berriz, Jaurlaritzaren politika goitik behera aldatu dute. Hala ere, PPk aurrekontuei babesa eman badie da aurrekontuak bere gustukoak dituelako. Azken finean Rajoyren eredukoak dira, fiskalitateari eta zor publikoa ordaintzearen lehenesteari dagokionez, besteak beste. Konstituzioa erreformatu zutenen aurrekontuak dira hauek”.
ELAko buruak salatu du boterean dauden alderdiek politika neoliberalak egiten dituztela, gizartea desegituratu, demokrazia suntsitu eta desberdintasunak areagotuz.