GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

ELAk salatzen du apiriletik ez dela negoziazio bilerarik egon

ELAk salatzen du apiriletik ez dela negoziazio bilerarik egon
Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileek greba eguna dute, ELAk deituta. Aste honetan hiru greba egun egingo dituzte: azaroak 19, 20 eta 21ean. Gatazka hasi zenetik, 12 greba egun izango dira. Langileek Preco aurrean egindako elkarretaratzean salatu dute patronalek ez dutela negoziazio borondaterik eta eskatu ute sektoreko langileen prekaritatea eta genero arrakala ezabatzea

Hitzarmena berritu ahal izateko mahai negoziatzailea urtarrilean jarri zen martxan. Bertan dauden Matia, Adegi eta Lares patronalek, ordea, ez diote erantzun ere egin 5.000 bat langile biltzen dituen sektoreko eskakizunei, eta azken bilera apirilean egin zenetik, mahaiak blokeatuta jarraitzen du. Patronalek hitzarmena negoziatzeko duten borondate falta salatu eta mahai gainean edukiak jar ditzatela eskatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako PRECO egoitzaren aurrean. Azaroaren 20an ADEGI patronalaren aurrean mobilizatuko dira 11:00etan.

Grebalarien eskakizunen artean, besteak beste, %100eko lan kontratuak izatea eta pairatzen duten 10.000 eurotik gorako soldata arrakala ezabatzea daude. Izan ere, sektoreko langileen ia erdiak lan kontratu partzialak ditu, eta langile publikoen (oso gutxi geratzen dira) eta lan bera baina subkontratatuta egiten duten langileen arteko soldata arrakala da aipatutakoa; genero diskriminazioaren ondorioa da hori, subkontratazioa feminizatutako sektoreetan gertatzen delako nabarmen, eta soldaten txikitzea dakar ondorioz.

Aldundiak zaintza zerbitzua guztiz ikuspegi merkantilista batetik eraikia du eta sektorean diharduten enpresek, mozkinak gehitzeko helburu bakarra izanik, langileen prekaritatea sustatu eta zerbitzuaren kalitatea okertuz lortu nahi dute. Edukiak lortu arte, langileek greba eta mobilizazioekin jarraituko dute, zaintzaileak zainduz bakarrik izango baita posible kalitatezko zaintza sistema bat.