ELAk Gasteizko eta Iruñeko gobernuei galdegin die enplegurako prestakuntza eredua alda dezatela
Jaurlaritzak EAEn enplegurako prestakuntza eredua Confebask, CCOO eta UGTrekin adostuta aldatu zuenean ELAk aurkako jarrera agertu zuen eta Hobetuz fundaziotik alde egin zuen. Izan ere, Nafarroan aurretik indarrean zegoen eredu hori, eta estatuko sistema euskal esparrura ekartzea esan nahi zuen, prestakuntzaren kalitatearen ikuspegitik porrot egin duen arren.
ELAk hasieratik salatu zuen prestakuntza eredu honekin “txiringitoak” ugaltzeko aukera irekitzen zela, hots, patronalak eta aipatutako sindikatuek sortutako ikastegiak, non funtsezko xedea ez den prestakuntza, horiek sortu zituzten erakundeen finantziazioa baizik. Azken datuek erakusten dute EAEn CAPV Confebaskek, CCOOek y UGTk arlo honetara bideratzen den diru publikoaren herena baino gehiago bereganatu egiten dutela.
ELAk beste eredu bat proposatu zuen, non prestakuntza lanbide-heziketako zentro homologatuek emango bailukete. Baina erabaki zen sisteman ez zen aintzat hartu enplegurako prestakuntza kalitatezkoa izatea, eta bide batez, sistema honen finantziatzeko moduaren ondorioz CCOO eta UGT kateatuta, autonomiarik gabe geratu ziren: gobernu guztiek, autonomikoek zein estatukoak, bazekiten zertan zebiltzan, eta zergatik.
Ordutik igaro diren urteetan gobernuek EAEko Kontu-Auzitegiaren eta Nafarroako Kontu-Ganberaren hainbat txosteni entzungor egin diote; txosten horietan erakundeok diru publikoaren erabilpen okerra egiaztatu zuten. Haatik, ustez zuzentzeko egin diren aldaketak axalekoak izan dira, betiere sistema berari eusteko asmotan.
ELA PREST DAGO HITZ EGITEKO, SISTEMA HAU BAZTERTZEKOTAN
Gogoratu beharra dago Urkulluren gobernuarekin legealdi hasieran izandako elkarrizketetan (Barcinak, ez ditu “elkarrizketa soziala” delako hortik kanpo gaudenok aintzat hartzen) ELAk eskatu zuen sistema alda zezatela; erabaki hau hartzekotan, sindikatua Jaurlaritzarekin harremanetan egoteko prest zegoen. Halere, Jaurlaritzak eredu hau aldatzeko erabakirik ez dugu ikusi, aitortu arren ELAren salaketa guztiak arrazoizkoak direla.
Egungo krisi latzaren testuinguruan, politika industrialik ez dagoela nabarmena delarik (gobernuek ahotan hartuagatik ere) diru publikoa xahutzen duen sistema honekin jarraitzea ezin onartukoa da.