Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak datozen hilabeteetarako erronkak aurkeztu ditu

2014/11/19
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak datozen hilabeteetarako erronkak aurkeztu ditu
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek agerraldia egin dute Bilbon. Bertan datozen hilabetetarako jarri diren helburuak eta dinamika herrikoi honen kudeaketaz arduratuko den Koordinazio Nazionala aurkeztu dira.

Datozen hilabeteetarako dinamika aurkezteko orduan hiru mugarri nabarmendu dituzte Kartaren arduradunek. Lehena, zabalkundea. Horretarako hainbat herrietan aurkezpenak egingo dira. Helburua Karta sustengatu duten eragileen artean sentsibilizazioa zabaltzea izango da, eta bere garaian sinatu ez zutenen atxikimendua lortzea. Prozesu hau hainbat hilabetez luzatuko da. Bigarren mugarria 2015eko martxoaren 14ko mobilizazio eguna izango da. Egun horren helburua Karta sostengatzen duten guztien babesarekin ahalik eta presio sozial handiena egitea izango, Kartaren edukiak gauzatu daitezen. Hirugarren mugarria, berriz, 2015eko urriaren 24an Bilbon antolatuko den Alternatiba Eguna izango da. Bertan, iragan urtean Baionan antolatu zen Alternatiben Herrixken helburuei jarraipena ematea izango da erronka.

Gainera, hau guztia posible egiteko, Koordinazio Nazionala aurkeztu da, herri dinamika hau kudeatzeaz arduratuko den organoa. Hamabi lagunek osatuko dute Koordinazio Nazionala: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuetako lagun bana eta honako alorretan lan egiten duten gizarte eragile ezberdinen ordezkari bana: feminismoa, sexu aniztasuna, eskubide sozialak, ingurugiroa, osasuna eta gaztedia.