Mendebaldeko Sahara

ELAk berretsi egiten du saharar herriarekiko elkartasuna eta bere autodeterminazio-eskubidea defendatzen du

2026/11/05
ELAk berretsi egiten du saharar herriarekiko elkartasuna eta bere autodeterminazio-eskubidea defendatzen du
1975eko azaroan hasitako Martxa Berdearen 51. urteurrena betetzear dagoela, Marokok Mendebaldeko Sahararen inbasioari eta okupazioari ekin zioneko urteurrena, baita milaka sahararren erbesteratzearena ere, ELAk herri horrekiko elkartasuna eta bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea defendatzeko konpromisoa berretsi nahi ditu.

Bost hamarkada baino gehiago igaro diren arren, Mendebaldeko Sahararen deskolonizazioa konpondu gabe dago oraindik. Saharar herria bi eremutan banatuta dago: lurralde okupatuetan, non Marokoren errepresioa jasaten duen, eta errefuxiatuen kanpalekuetan, non hainbat belaunaldi erbestean hazi diren eta bizitzen jarraitzen duten.

Egoera horren aurrean, saharar herriak erresistentzian jarraitzen du, mobilizatzen eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen. Urriaren 26tik 29ra bitartean, El Aaiun, Bojador, Smara, Dajla eta Auserd errefuxiatuen kanpalekuak mobilizazio jendetsuen agertoki izan ziren. Milaka saharar kalera atera ziren autodeterminazioan oinarritutako konponbide justua eskatzeko eta kanpotik inposatutako edozein irtenbide baztertzeko.

Mobilizazio horiek Nazio Batuetan erabakigarria izango zen astearen hasierarekin bat egin zuten. NBEko Segurtasun Kontseiluak Mendebaldeko Sahararako Nazio Batuen Erreferendumerako Misioaren (MINURSO) agintaldia berritzeko bozketa egitekoa zuen urriaren 30ean, ostiralean. Egun horretan, bi proposamen desberdin bozkatu ziren: bat Estatu Batuek aurkeztutakoa eta bestea Errusiak aurkeztutakoa. Estatu Batuen proposamenak, Marokoren autonomia-planaren aldekoa, hamaika boto jaso zituen alde, baina Errusiak betoa jarri zion. Errusiaren ekimenak, berriz, MINURSOren agintaldia urtebetez luzatzea proposatzen zuen, haren eginkizunak aldatu gabe. Proposamen horrek ere ez zuen aurrera egin, beharrezkoak ziren bederatzi botoak lortu ez zituelako: hiru aldeko boto, kontrako bat —Estatu Batuena— eta hamaika abstentzio jaso zituen.

Bereziki kezkagarria da Estatu Batuen proposamenaren edukia eta jasotako babesa. Proposamen horrek MINURSOren jarduera-esparrua funtsean aldatzea, haren izena MINUSO bihurtzea —erreferendumari egindako aipamena ezabatuz— eta Marokoren subiranotasunaren pean dagoen Mendebaldeko Sahararen autonomia negoziazioen erreferentzia nagusi bihurtzea aurreikusten zuen.

Akordiorik ez zegoenez, MINURSOren agintaldia urriaren 31n amaitu zen. 1991n sortutako misio horren helburu nagusiak ziren Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko su-etena zaintzea eta saharar herritarrek lurraldearen etorkizuna askatasunez erabaki ahal izateko erreferenduma antolatzea. Ordutik, nazioarteko presentzia mantendu du lurraldean, eta su-etenaren zaintza-lanak ere egin ditu.

MINURSO erretiratzeak ziurgabetasuna areagotzen du, eta arrisku larria dakar eskualdeko bakerako eta egonkortasunerako. Misioak muga handiak izan ditu, eta ez du lortu sortu zenean helburu zuen erreferenduma antolatzea; hala ere, nazioarteko presentzia izan da lurraldean. Gatazka berriro piztu den eta tentsioa areagotzen ari den honetan, misioa desagertzeak segurtasunik eza larriagotu eta saharar herria are babesgabeago utz dezake.

Testuinguru honetan, ELAk saharar herriarekiko konpromiso irmoa berresten du, eta Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio-prozesua lurperatzeko eta herriaren borondatea aintzat hartzen ez duen konponbidea inposatzeko edozein saiakera salatzen du. Nazioarteko zuzenbidea betetzea, Marokoren okupazioa amaitzea eta saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea benetan aitortzea eskatzen dugu.