ELAk larritzat jo du jada hiru hildako izan direla Nafarroan lan istripuetan aste batean

2016/09/29
ELAk babes eta elkartasun osoa adierazi nahi du atzo Lesakako Zalain Transformados enpresan gertatutako lan-istripuaren biktimaren senitarteko, lagun eta lankideei, non 64 urteko langile bat hilda suertatu zen. Gertatutakoa ikusita, Nafarroako Lan Ikuskaritza eta Lan-Osasun Institutuari ezbeharraren arrazoiak argitu eta egon daitezkeen ardurak ebazteko ikerketa sakona eskatzen du.

Aldi berean salatu nahi du jadanik 12 direla aurten Nafarroan beraien lanpostuetan bizitza galdu duten pertsonak, hauetatik 4 azken hilabetean, eta 3 azken astean izan direlarik. ELAk laneko heriotzak eta gainontzeko ezbeharrak lan prekarietatea lantokietan zabaltzea ahalbidetzen duen lan-eredu honen ondorio zuzena dela salatzen du. Enpresek orokorrean beste ezeren gainetik bere irabaziak lehenesten dituzte, langileon osasuna eta bizitza arriskuan jarriz.

ELAk garbi dauka gizarte arazo larri honen irtenbidea Nafar langileriari enplegu duin eta kalitatezkoa bermatzean dagoela, horregatik Nafar gobernuari eta ardura daukaten beste erakundeei eskatzen die helburu horretara bideratu ditzatela behingoz neurri erreal eta eraginkorrak ezarri, nahiz segurtasun eta osasunari dagozkion enpresen bete-gabetzeak kontrolatzeko beharrezko diren errekurtso guztiak.

Mobilizazioak

Zalain Transformados-eko enpresa batzordeak (ELAko ordezkaritza barne) 2 orduko (13:00-15:00) paroa eta elkarretaratzea deitu ditu biharko (Irailak 30) Lesakako Zalain industriaguneko lantokiaren aintzinean. ELAk mobilizazio hauekin bat egin eta Bortzirietako langile guztiak bertan parte-hartzera animatu nahi ditu.