Estatuko Gobernu eta sindikatuek langile publikoen pobretze prozesuan beste urrats bat egin dute
Gaur Madrilen Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra egin da. Bertan, azken asteotan Estatuko Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek mahaitik kanpo negoziatutako eta aurreko ostegunean irudikatutako akordioaren berri eman dute. Aurretik egindako bilera horietara ez dira deituak izan ez ELA, ez LAB ez eta CIGa ere, nahiz eta negoziazio mahaiko kideak izan.
Soldatei dagokionez, adostutako proposamenarekin, langile publikoen pobretze prozesuan beste urrats bat egin dute. Hala salatu du ELAk aurreko egunetan. Horrela, 2022-2025 urteetan galdutako % 8,6 tik bakarrik 2,5% berreskuratuko da, hortaz epe horretan % 6,1 galtzea ontzat eman dute sindikatu sinatzaileek. 2026 rako,%1,5 eta % 2 bitarteko igoera adostu dute 2025 eko KPI aren egungo bilakera ikusita, behin betiko KPIa % 3 tik hurbil egongo dala ziurtzat eman daiteke; ondorioz, 2026an ere soldata galera ziurtzat eman daiteke. 2027 eta 2028 urteetara ere zabaltzen da adostutako soldata igoera. Berriro ere KPIari lotu gabekoa izateaz gain, 4 urtetarako indarraldia duen akordioa luzeegia da. Honek gutxieneko betearazpen bermerik gabeko akordio bilakatzen du, edozein gauza gerta daitekeelako epealdi horretan, besteak beste KPIa adostutakoa baino altuagoa izatea edota gobernu aldaketa izatea.
Enpleguari dagokionez,Estatuko gobernuak eta sindikatuak bere estrategia uniformizatzailea eta zentralistaren aldeko apustuarekin jarraitzen dute besteak beste erreposizio tasak mantenduz. Enplegu beharrak edota hautatze prozesuen nondik norakoak espainiar gobernuaren esku uzten jarraitzea da asmoa.Eta honek guztiak %42ko behin behinekotasuna izatera ekarri gaitu.
Beste materia batzuk ere aipatzen ditu dokumentuak. Adimen artifizialaren erabilera aurreikusten da, lan osasunean arrisku psikosozialen trataera edota berdintasun planen jarraikotasuna. Baina hau guztia inolako zehaztasunik gabe eta kutsu erabat uniformizatzailearekin berriro ere.
ELAk bileran parte hartu du. Ezezko borobila eman dio proposamenari, langile publikoen pobretze prozesuan eta estrategia uniformizatzailea eta zentralistaren pauso berri baten aurrean kokatu behar delako akordioaren edukia. Era berean, euskal sektore publikoaren lan baldintzak gure herrialdean erabaki ahal izateko gaitasuna errespetatzeko eskatu dio ELAk Estatuko Gobernuari eta sindikatuei, eta behingoz gure herrialdeko langile publikoen negoziazio kolektiboaren eskubidearen urraketarekin amaitu dezatela.
Bestetik, ELAk bileran izan diren Gasteizko eta Iruñeko Gobernuko ordezkariei eskatu die akordio hau ontzat ez emateko, autogobernua eta sektore publikoko eskumen propioak defenda ditzatela, eta bertan soldata eta enplegu baldintzak negoziatzeko borondate irmoa erakutsi dezatela, langile publikoen lan baldintzak, erosahalmena eta behin-behineko langileen enpleguaren kontsolidazioa bermatzeko.
Era berean, ELAk dei egiten die Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei, euskal sektore publikoaren gaineko eskumenak berriro Espainiako Gobernuaren gain ez uzteko eta botoa eta beraien babesa soldata eta enplegu publikoa Euskal Herrian negoziatzeko gaitasuna bermatzera baldintzatzeko. ELAk eskumenen, zerbitzu publikoen, eta langile publikoen lan baldintzen defentsan, soldata galera berreskuratzeko eta behin-behinekotasunarekin amaitzeko mobilizazioak bultzatzen jarraituko du.