Arkema eta Tepsako langileen manifestazioa Bilbon
Alonsotegi-Zaramilloko Arkemako langileak datorren asteartean, azaroak 25, abiatuko dira autobusez Parisen inguruko Colombes herrirantz, non Arkemaren egoitza nagusia dagoen. Horrela, langileek irailaren 9an lantegiaren itxieraren berri jakin zutenetik daramaten bizimoduaz eta prestatu duten industria-bideragarritasunaren planaz hitz egin nahi dute enpresako zuzendari gorenekin.
Langileak greba mugagabean daude irailaren 25etik. Bi hilabete horietan Alonsotegi-Zaramilloko lantegiko zuzendaritzak EEE bat aurkeztu zuen lehenengo, gero erretiratu behar izan duena; eta azaroaren 13an beste EEE bat, aurrekoaren tankera berekoa.
Bestalde, Terminales Portuarias-eko (TEPSA) langileek 74 egun daramatzate greban zazpi kaleratze salatzeko. ELAren aburuz zuzendaritzak lan erreforma erabili nahi du kaleratzeak gauzatzeko, eta aurkeztu duen lan erregulazio expedientea iruzurra da.