Sindikatuak, merkatari eta kontsumitzaile elkarteak Bilboko 5 eremu liberalizatzeko erabakiaren aurka agertu dira

2014/09/03
Atzo, hilak 2, EHAAn argitaratu zen Bilbo “turismo handiko eremu” izendatzen duen ebazpena. Arantza Tapia sailburuak erabaki hau azaltzeko esan du espainiar legeetatik kanpo dagoela, eta euskal jendarteari sinetsarazi nahi izan dio Estatutik inposatu nahi zen erabateko liberalizazioa mugatzeko egin dutela. Halere, ELA, LAB, CCOO, UGT, Euskaldendak merkatarien elkarteen konfederazioa, eta EKA zein EKE Kontsumitzaile elkarteen ustez, horrek ez dauka errealitatearekin zerikusirik.

Erabaki honekin Eusko Jaurlaritza merkataritza ordutegiak liberalizatzeko plan estatalaren arrastoan sartu da, gai honetan duen eskumen esklusiboa baztertuta. Hain zuzen, oraingo Jaurlaritza hau eta espainiar gobernua bat datoz merkataritza irekitzeko ereduan; horrela adierazi du estatuak emandako bi dekretu (2012 eta 2014koak) inpugnatzeko urratsik egin ez duenean; dekretuotan autonomia-erkidegoak derrigortu egiten dituzte turismo handiko eremuak definitzera, hau eskumenen inbasio nabarmena izanagatik ere.

EZ dago ireki beharrik, ezta ordutegi zabalagoa ezarri beharrik ere, kontsumitzaileek ez baitute halakorik eskatzen. Hala mintzatu izan dira betidanik, eta pozik daude oraingo ereduarekin. Gehiago ireki behar dela justifikatzeko aipatzen diren ekitaldietara datozen turisten helburua ekitaldia bera da, ez erosketak egitea. Esaterako, egunotako saskibaloi mundialean, igandean zale eta jokalariak kirol-instalazioetan zeuden; beraz, benetan ostalariei interesatzen zaie publiko hau, ez hainbeste dendariei. Ondorioz, hau EZ da ohiz kanpoko diru-sarrera iturri bat, datorren turista profilak beste era bateko aisialdia hautatzen baitu.

EZ du enplegua sortzen; Madrilgo ordutegien liberalizazioak hala frogatu du. Euskaldendak elkarteak Jaurlaritzari emandako alegazioek frogatzen dute hain zuzen epe horretan itxi dela negozio minorista gehien. Bartzelonan, berriz, turismoa gehitu egin da, baina salmentek behera egin dute. Neurri hau ezarriz gero, dauden plantillek ordu gehiago lan egin behar dute, berez aski urria duten atseden denbora areago murrizten zaielarik.

EZIN dugu inola ere onartu salbuespenezko epealdi batzuk finkatzea dendak jaiegunetan irekitzeko; estrategia horrekin sektoreko langileekiko abusuzko praktika bat “normalizatu” egin nahi da, eta neurrigabeko kontsumismoa sustatu; honek ez dio inolako mesederik egiten ekonomia hain jota duen jendarte bati.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzari esekatzen diogu herritarrei ez diezaiela gezurrik esan eta manipulaziorik saldu, eta behingoz merkataritzako ordutegien gaia sektoreko zinezko beharrizanen arabera arau dezala, baita EAEko herritarren gehiengoak duen iritzia aintzat hartuz.

Bestalde, joan den abuztuaren 29an Bilboko alkate den Ibon Aresok esan zuen deitoragarria zela Bilboko merkatariek igandean ireki ez izana; “aukera bat galtzea” izan ei zen, bertora saskibaloiko munduko txapelketak erakarritako turistak zirela eta.

Hau sinatzen dugun erakundeok berriro esan nahi diogu Areso jaunari merkatarien, sektoreko langileen eta kontsumitzaileen borondatea sarri asko geratu dela agerian: ez dugu igande eta jaiegunetan ireki nahi, ez digulako mesederik egiten.

Areso jaunari gogora arazi behar zaio, gainera, “legez babestutako eskubidea” aldarrikatzen duenean -jaiegun batez ireki nahi duten dendariena, alegia- ahaztu egiten duela kolektiboak -soldatapeko zein autonomo direla ere- oro har atsedenerako duen eskubidea, eta familia eta lagunekin aisialdiaz gozatzekoa.

Sinatzaileontzat deitoratzekoa da Bilboko alkateak bere herritarren borondatearekiko hain errespetu eskasa agertzea, eta behin eta berriz tematzea jendarte honen nahi eta beharrizanen aurkako praktika baten defentsan, legeek diotena gorabehera. Jarrera honi eutsiz gero, pentsatu beharrean izango gara Areso jaunak eta bere taldeak Bilbon irauten duten ehundaka denda familiarren itxiera bilatzen duela.