LH duala: Ez da lehenengo iritsi behar, baina iristen jakin behar da

2026/05/06
LH duala: Ez da lehenengo iritsi behar, baina iristen jakin behar da
Uxue Itoiz Lleida, Irakaslea eta ELAko militantea
Gimeno jaunaren hitzetan, Nafarroa aitzindaria da Lanbide Heziketa Dual berria ezartzen, baina Nafarroan askotan entzuten den abestian bezala "No hay que llegar primero, pero hay que saber llegar". Ez gara modu egokian iristen ari, ordea.

Hezkuntza-komunitate osoak — ikasleak, familiak eta irakasleak — ahotsa altxatu du Nafarroako Lanbide Heziketaren errealitatearen aurrean, ez baitago ikasleen praktiketarako behar adinako plangintzarik, aurreikuspenik, baliabiderik ezta enpresarik ere. Kontua da, kontseilariak kexa horiek ukatzen ez dituela, baizik eta zarata horren guztiaren gainetik errealitatea bestelakoa dela esaten duela.

Ez dakigu zein den errealitate hori. Irakasleek gure hezkuntza-komunitatearekiko dugun bokazioari eta erantzukizunari esker Lanbide Heziketa ikastetxeetan, bertatik bertara, zutik mantentzen duena edo Hezkuntza Departamentuko 2. solairuan bizi duten errealitate paralelo bat, ikastetxeetatik urrun dagoena.

Praktiken kopuruak aurreko ikasturteetakoak baino handiagoak direla adierazi du kontseilariak, eta hori logikoa da, Legeak hemendik aurrera praktikak 2. mailako ikasleentzat ez ezik 1. mailakoentzat ere izatera behartzen baitu. Beraz, enpresetan egonaldi gehiago gauzatzen ari direla esatea pellokeria hutsa da, legeak berak bikoitza izatera behartzen duenean. Hezkuntza departamentuak, beste behin ere, argi uzten du irakasleak ahalegin bikoitza egiten ari direla, lehen zituzten baliabideen erdiarekin. Osasungintzara eramanez, medikuek paziente kopuru bikoitza denbora erdian artatu beharko balute bezala izango litzateke.

Era berean, Hezkuntza Departamentuak iragarri zuen Lanbide Heziketarako baliabideak handituko zituela. ELA aspalditik ari da hori eskatzen, baina Hezkuntza Departamentuak ez du inoiz onartu halakorik behar zenik. Agian, ikasturte honetan irakasleak 3 eguneko grebarekin, kontzentrazioekin eta manifestazioekin mobilizatu ondoren, Hezkuntza Departamentuak egoera birplanteatu du. Baliabideen hazkundea ez da nahikoa izan, baina aurrerapen guztiak, txikiak izanda ere, mugimendu sindikalaren ondoren etorri dira. Horregatik, ELAk uste du beharrezkoa dela mobilizazio gehiagorekin presioa egitea.

Kontseilari jauna, edozein arrazoi dela medio, errekuperaziora joan beharko duzu, Lanbide Heziketan gainditua lortzeko.