Madrilen Papergintzaren Estatuko Hitzarmena negoziatzearen arriskuaz ohartarazi du ELAk

2014/11/19
Gaur, hilak 19, izango da lehen bilera Madrilen Papergintzaren Estatuko Hitzarmena negoziatzeko. ELAk ohar bat bidali die Negoziazio Mahaiko alderdiei, negoziazioan hasi baino lehen, konpromiso hau har dezaten: probintziako eta hortik beheragoko esparruetako hitzarmen kolektiboak edukirik gabe ez uzteko.

Denok dakigunez Zapatero gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei beheragoko esparruetako negoziazio kolektiboa arautzeko, batez ere probintzia-mailako hitzarmenen negoziazioa arautzeko. Ordutik hona sektore askotan sinatu dituzte UGTk eta CCOOek estatu-hitzarmenak, eta hainbeste aldezten omen dituzten probintzia-hitzarmenak mamirik gabe utzi dituzte. Zenbaitetan joera horren azken mugaraino iritsi dira, eta probintziako negoziazioari uko ere egin diote. Adibide bat jartzearren, hor dugu Kontserben Hitzarmena.

Hori horrela izanik, ELAk ohar bat bidali die Negoziazio Mahaiko alderdiei, negoziazioan hasi baino lehen, konpromiso hau har dezaten: probintziako eta hortik beheragoko esparruetako hitzarmen kolektiboak edukirik gabe ez uzteko.

Aurretiazko konpromiso hori hartu beharko lukete UGTk eta CCOOek; osterantzean, negoziazio kolektiboa zentralizatzeko daramaten bidean beste pauso bat izango litzateke.

Laster batean Gipuzkoako Papergintzaren Hitzarmenaren negoziazioa hasiko da. Estatuko Hitzarmenaren negoziazioak Gipuzkoakoa baldintzatu ahal izango du, ez badute berme bat ematen, Gipuzkoako Hitzarmenaren gaien kaltetan sartuko ez direlako bermea.