ELAk uko egiten dio 2015eko igande eta jai-egunetan irekitzeko Nafarroako gobernuak egindako proposamenari

2014/10/28
ELAk uko egiten dio 2015eko igande eta jai-egunetan irekitzeko Nafarroako gobernuak egindako proposamenari
Nafarroako langileen artean sentsibilizazio-kanpaina bat sustatuko duela iragarri du, egun horietan irekitzeak dakartzan ondorioak ezagutarazteko. ELAren iritziz igande eta jai-egunetan irekitzea merkataritza-sektoreko lan-baldintzen kaltetan doa, zehazkiago sektoreko langileen atsedenaldi-eskubidearen kaltetan. Gainera, lanaren eta norberaren bizitzak uztartzea eragozten du.

Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren atzoko bileran —urriak 27—, ELA sindikatuak bere desadostasuna erakutsi du 2015ean zenbat igande eta jai-egunetan irekitzea baimentzeko proposamenarekin (urtarrilak 4, martxoak 19, apirilak 2, uztailak 25, abuztuak 15, urriak 12, abenduak 3, abenduak 20, eta tokian tokiko jai-eguna). ELAren ezezkoa hurrengo arrazoi hauetan oinarritzen da:

Igande eta jai-egunetan irekitzea merkataritza-sektoreko lan-baldintzen kaltetan doa, zehazkiago sektoreko langileen atsedenaldi-eskubidearen kaltetan. Gainera, lanaren eta norberaren bizitzak uztartzea eragozten du.

Bestalde, ez da areagotzen ez merkataritza-jarduera, ezta enplegua ere; gehienez ere, jarduera denda txikietatik saltoki handietara lekualdatuko da, eta beraz azken horien mesedetan doaz igande eta jai-egunetan irekitzea baimentzen duten legeak.

Halaber, denda txikiak itxi ahala hiri eta auzoetako erdialdeak hustu egiten dira, jarduera aldirietako merkatalgune handietara baitoa; eta hori dela-eta, ibilgailu pribatuarekiko menpekotasuna eta mugikortasun-arazoak larriagotzen dira.

Azkenik, aipatu beharrekoa da erabiltzaileek ez dutela horrelakorik eskatzen, zeren nafar erakundeen beren azterlanen arabera erabiltzaileek nahikotzat jotzen dituzte ohiko ordutegiak, egunean 16 orduz eta astean 6 egunez irekitzea baimentzen dutenak.

ELAk bere ondoeza agertu du, orobat, Nafarroako Gobernuak CENen proposamena deus ere aldatu gabe aurkeztu duelako; merkataritza-sektoreko gainerako eragileak, eta zehazkiago langileen ordezkariak, alde batera utzita. Horregatik berriz eskatu dugu Merkataritza Legea aldatzeko, halako moldez non irekitzeko moduko igande eta jai-egunak adostasunez ezarri beharko zituzten Merkataritza Kontseiluko kideek.

Azkenik ELAk dei egiten die Nafarroako langileei ez erosteko igande eta jai-egunetan, sektoreko langileen elkartasunez, eta neurri gabeko kontsumismoa helburu duen gizarte-eredu horri muzin eginez. Eguberri jaiei begira ELAk informazio-kanpaina bat abiaraziko du lantokietan, horren inguruko ondorioez langileak jabetu daitezen.