ELAk Euskotreneko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du 250 langile finko egin eta KPItik gorako soldata igoerak aurreikusita

2022/02/09
ELAk Euskotreneko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du 250 langile finko egin eta KPItik gorako soldata igoerak aurreikusita
ELAk, Euskotreneko lehen indar sindikalak, Euskotreneko Hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du; 1.200 langile baino gehiagori eragiten die hitzarmenak. Hiru urteko indarraldia du (2021-2023). Bertan enpleguaren inguruko akordio bat aurreikusten da, orain arte behin-behineko ziren 250 langile finko egiteko. Horri esker, Euskotrenen behin-behinekotasuna % 10tik beherakoa izango da. Soldata-igoerari dagokionez, 2021. eta 2022. urteetarako KPIaren gaineko soldata igoerak jasotzen ditu hitzarmenak plantillarentzat, eta 2023. urterako KPIa bermatzen du.

Gainera, hitzarmenak beste hobekuntza batzuk aurrikusten ditu: lanaldi murrizketa 59 urtetik gorako langileentzat, hobekuntzak egutegian eta norbere aukerako egunen igoera.

Bestalde, Barakaldoko KBUSeko langileen soldata %9 igoko da 2022an. Iaz, KBUSeko langileek greba egin zuten, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta zegoelako. Greba hori amaitu zen 2022rako KPI 2021etik +%1,7ko soldata igoera jasotzen zuen hitzarmenaren sinadurarekin; beste plusekin batera, langileek %9ko soldata igoera izango dute aurten.