Administrazioan pairatzen dugun prekarietateari aurre egiteko EPEarekin jarraitzea da bidezkoena eta demokratikoena

2016/02/03
Suhiltzaileen azterketak aurrera egingo duela berri ona den arren, ELAk uste du Gobernuak Irakaskuntzako EPEa zerrenda bakarrarekin atera behar duela eta Osasunbidean ere deialdiak aurrera egin behar duela.

Hurrengo astean, Nafarroako Gobernuak argituko omen du Irakaskuntzako EPEa zertan geratuko den, baina horrek airean uzten ditu hainbat langileren aukerak. ELAren ustez, deialdiak aurrera egin behar du eta Irakaskuntzan zerrenda bakarra logikoena da, Nafarroako Administrazioko beste arlo guztietan gertatzen den bezala.

Suhiltzaileen kasuan, pozik hartu dugu azterketarekin aurrera egiteko erabakia, kontuan izanik egun dagoen suhiltzaile gabezia. Jakin badakigu 30 plaza hauek ez dutela konponduko egoera, baina bidea ematen du, beste kontu batzuen artean, lanean ari diren suhiltzaileei zor dizkieten orduak itzultzen hasteko. Parke jakin batean adibidez, 21 suhiltzaile daude eta 2015ean egindako lanagatik 1.000 ordu zor dizkiete.

Osasunbidean dagoen behin-behinekotasun lotsagarriari buelta emateko, ELAk uste du nahitaezkoa dela EPEa berehala ateratzea: eskaintzak erreala izan behar du, oso zabala eta kolektibo guztietan egingo dena. Zeladoreen artean, adibidez, langileen %50 behin-behinekoa da eta ez da ahaztu behar 2011tik 2015era 600 lanpostu zuzen suntsitu dituzte Osasunbidean.

Honegatik guztiagatik, ELAk Gobernuari eskatzen dio deitutako EPEarekin jarraitzeko eta zerrenda bakarra ez dagoen arlo bakarrean behin betikoz jartzeko.