Genero-arrakala eta erretiro pentsioak
Ez da erretiroaren unean sortzen den egoera bat, emakumeek bizitzan zehar jasaten dituzten desabantaila laboral, sozial eta ekonomikoen ondorioa da. Datuetan, Espainiar estatuan emakumeak gizonak baino hamar hilabete beranduago erretiratzen dira, eta jasotzen duten pentsioaren zenbatekoa % 30 txikiagoa da. EAEn egoera zertxobait hobea bada ere, aldea oraindik ere oso esanguratsua da, emakumeen batez besteko erretiro pentsioa 1.337 eurokoa da eta gizonena 1.895 eurokoa.
Horren guztiaren arrazoia agerikoa da: emakumeek karrera profesional laburragoak eta prekarioagoak dituzte, eta horrek eragina du pentsioaren eskuragarritasunean eta zenbatekoan. Hau da, kasu askotan, bahr izana dela eta luzatzen dute lan ibilbidea; horrek erretiro adina atzeratzen duelarik, eta, hala ere, gizonezkoek baino erretiro txikiagoak jasotzeko.
Erretiro motari dagokionez, nahiz eta pertsona erretiratuen kopurua antzekoa izan emakume eta gizonezkoen artean, emakumezkoek erretiro-pentsio gutxiagoren jasotzaile dira, alarguntasun-pentsioen, ez kontributiboen edo asistentziazkoen onuradun dira batez ere, laguntza publikoekiko menpe egonik.
Garrantzitsua da aipatzea, erretiroan genero arrakala ez dela soilik diru sarreretara mugatzen. Emakumeek zailtasun handiagoak dituzte zaintza beharra dutenean modu duinean bizitzeko. Gizonak baino bizi itxaropena handiagoa dute (batazbestekoa 86,6 urtekoa da, eta gizonena, berriz, 81,2 urtekoa), baina osasun eta zaintza baldintza okerragoetan, horiei aurre egiteko baliabide gutxiago dituztelako.
Argi dago lan prekarietateari aurre egitea funtsezkoa dela egoerari buelta emateko, baina pentsio-sistema publikoak genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da ere, azken erreformek ez baitute, zentzu horretan, aurrerapenik eragin. Gizarte prestazioak hobetzea, gutxieneko erretiro pentsioa eta horren osagarria hobetzea (Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak sustatutako ILPk nahi zuen bezala), zaintza lanak ekitatez banatzea, eta dependentzia politikak aberastea ezinbestekoak dira erretiro arrakalarekin bukatzeko.