Gehiengo berri batek Mercedeseko enpresa-batzordeburua aldatu du

2016/05/03
Gehiengo berri batek Mercedeseko enpresa-batzordeburua aldatu du
ELA, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek orain arte Gasteizko Mercedesen enpresa-batzordeburu izan dena kargutik kendu dute. Sindikatu horien arabera, UGTko batzordeburu ohiak batzordearen gehiengoaren aurka jokatu izan du, eta "sarri enpresarengandik gertuago zegoen langileen interesetatik baino". Enpresa-batzordeburu berria, Igor Gebara, ELAkoa da.

ELA, CCOO, LAB eta ESK sindikatuen arabera, "negoziazioaren blokeoa zela eta ez zegoen beste irtenbiderik, enpresak eta sindikatu batzuk gutxiengoan sinatu nahi baitzuten; horregatik, batzar nagusi bat deitu eta batzordeburua kargutik kentzea" erabaki zuten. UGTko ordezkariak esan duenez, ez dauka maiatzaren 19an izango den batzarrean agertzeko asmorik. Sindikatuen ustez erabaki hau "negoziazio-prozesuan kokatzen da, eta benetan axola duena hori da".