Mobilizazio eta greba astearen ondoren borroka ez da amaitu metalean
Hasi dugun dinamika honek ez du etenik izango. ELAk badaki uztailaren 7tik aurrera euskal patronalek lan-baldintzei gero eta eraso bortitzagoa egingo dietela. Legeak baztertu egin du orain arte bete duen eginkizun bat, hots, enpresarioen eta langileen arteko harreman desorekatuan alderik ahulena babestea; horrenbestez, borroka antolatzea beste biderik ez zaigu geratzen.
Ez daukagu diskurtso sindikal hutsalak egiteko astirik. Ezin zaie langileei erreforma laborala azaldu arrosa kolorekoa bailitzan: euskal patronalek ez dute inongo hitzarmenik nahi, ez lurralde, ez enpresa mailan, erreforma laborala mugatzen badu. Erreforma laboralari aurre egiten ez zaioen esparruetan negoziazio kolektiboarenak egin du.
ELAk dei egiten die gutxieneko konpromiso soziala dutela dioten enpresaburuei, ez daitezen gizarte honen txirotze estrategian konplize izan. Patronalaren arrastoan sartuz gero, gatazka laboralak aspaldiko urteetan ikusi gabeko mailara iritsiko dira.