Lanbide arteko Gutxiengo Soldata berriak murritzegia izaten segituko du

2016/12/05
Datorren urterako iragarri den gutxiengo soldataren igoera, %8koa, txikiegia da eta langile guztiei ez aplikatzeko aukera du Gobernuak. Gainera, iragarpen honek gastu publikoaren murrizketak eta zeharkako zergen igoerak izkutatzen ditu.

Gutxiengo soldataren igoera azken urteetan eman den eros-ahalmenaren murrizketaren ondoren dator. Igoerarekin, gutxiengo soldata berria 825,55 eurotakoa izango da 12 ordainalditan (707,60 euro 14 alditan), inguruko herrialdeetan daukatenarenetik oso urruti: besteak beste Estatu frantziarra (1.457,52 euro), Alemania (1.440 euro), Belgika (1.501,82 euro)... Honek esan nahi du gutxiengo soldata jasotzen dutenentzat ez dela nahikoa izango dituzten beharrak asetzeko.

Hego Euskal Herrian gabezia nabariagoekin, gutxiengo soldata berria ez da gai izango jasotzen dutenak jada badauden pobrezia egoeratik ateratzeko. Horrez gain, biztanle bakoitzeko batezbesteko aberastasunaren %50etik eta batezbesteko soldataren %60tik oso urrun egoten jarraituko du.

Are gehiago, gutxiengo soldata berriaren igoera pertsona eta alor guztietan ez aplikatzeko aukera egongo da; Gobernuak aurrerago erabakiko baitu benetan izango duen eragina.

Eta are larriagoa dena, neurri hau gastu publikoaren murrizketa bortitz batekin (5.000 milioi eurokoa) eta zergen igoera batekin (7.000 milioi euro gehiago biltzea espero da, gehienak zeharkako zergak ezarriz tabakoari, alkoholari...) batera dator. Hortaz, ogasunek diru gehiago bilduko dute baina gutxiago bideratuko dute gizartearen beharrak asetzera.

Horregatik guztiagatik, ELAk 1.200 euroko gutxiengo soldata ezartzea eskatzen du eta baita politika neoliberalak ukatzea ere, hala nola gastu publikoaren murrizketak desegitea edota klase kapitalista ez salbuestea biztanleriak ordaindu behar dituen zergen igoerak aplikatzen diren bitartean.