Lan istripuen ondorioz izandako azken heriotzak salatzeko kontzentrazioa

2013/08/27
Abuztuaren 23an, ostirala, Musiu S.L enpresako -Transportes Soutoren azpikontrata- gidari bat hil zen. Langilea enpresara sartzeko ateak zapalduta hil zen. Bestalde, abuztuaren 26an, astelehena, langile bat zendu zen Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan Bergaran, makina batek harrapatuta.

ELAk gogor salatu nahi du lan-ezbehar hau. Izan ere makina bat aldiz salatu dugu obraren parte horren arduradun den ETS azpikontratak lan hitzarmena urratu egiten duela, lanetan jardunaldi neurrigabeak eta legez kanpokoak egiten dituelako. Hamabi ordu baino gehiagoko lanaldiak ohikoak dira, eta badira egunean 17 orduz lan egitera behartzen dituzten langileak.

Hain justu, lanean izandako heriotza hauek salatzeko ELA eta LAB sindikatuek bilkura deitu dute abuztuaren 28rako, asteazkena. Protesta ekintza 12:00tan izango da, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen Lan Ikuskaritzaren aurrean (Gran Via 50).