195 pertsona gehiago langabezian daude Nafarroan, eta kontratuen prekarietatea gero eta larriagoa da

2017/08/02
Uztailean sinaturiko kontratuen ia %96a behin-behinekoak izan dira, eta langabetuen %56,3ak ez du inolako prestaziorik jasotzen

Nafarroan 36.133 pertsona daude langabe eta %56,3ak ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen. Gainera, egiten diren kontratu ia guztiak aldi-baterakoak dira, horien luzaera oso laburra delarik. Jokaera hau udan are larriagoa izaten ari da.

Egoera kezkagarria da Nafarroan, langabeziak maila altuan segitzen duen bitartean langabeen gehiengoa inolako babesik gabe baitago eta egiten diren kontratuak oso prekarioak baitira.

Uztailean, langabeziak gora egin du, eta 195 pertsona gehiago daude lanik gabe, guztira 36.133: hauetatik 21.105 emakumeak dira eta 3.595 gazteak (25 urtetik beherakoak).

Egindako kontratuak 32.295 izan dira azken hilabetean, ia denak aldi-baterakoak izanik (%95,7 hain zuzen). Kontuan hartu beharra dago kontratu tenporalen erdia gehienez 30 egunerako izaten ari dela, eta kontratu guztien herena baino gehiago jardunaldi partzialetarako dela.

Langabeziagatiko prestazioei dagokienez, ekainean langabe zeuden 35.938 pertsonetatik soilik 15.791k jaso zutela babes-sistemaren estaldura hau, langabeen %56,3 inolako langabezia prestaziorik gabe geratu zelarik. Gainera, hartzaileen erdiak (%56,1ak) besterik ez zituen jaso kontribuzio-mailako prestazioak, gainontzekoek (%43,9ak) sorospen erako prestazio murritzagoak jaso zituelarik.