Elkarretaratze jendetsuak ehunka lantokitan, enplegu publikoa sortzea eta aldi baterako langileen kontsolidazioa eskatzeko

2021/06/01
Elkarretaratze jendetsuak ehunka lantokitan, enplegu publikoa sortzea eta aldi baterako langileen kontsolidazioa eskatzeko
ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK-k premiazko bilera eskatu diete alderdi eta erakunde guztiei langileen aldarrikapenei heltzeko, eta ekainaren 5erako aurreikusita dauden manifestazioetan parte hartzera deitu dute, enplegu publikoa sortzeko eta euskal sektore publikoan behin-behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langileren lanpostuak kontsolidatzeko. Manifestazioak 11:30ean izango dira: Gasteizen, Diputazio plazatik; Donostian, Boulevardetik; eta Bilbon, Arriagatik. Sindikatuek salatu dutenez, propaganda hutsaz haratago, Madrilgo eta Gasteizko gobernuek, erakundeek eta alderdi politikoek ez dute errealitate hori iraultzeko borondaterik.

ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK-k gaurko deialdiaren arrakasta azpimarratu dute. Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udaletan ehunka langilek babestutako elkarretaratzeak egin dituztela ziurtatu dute. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udaletan eta Foru Aldundietan ere elkarretaratzeak egin dira.

Administrazio Orokorreko langileei dagokienez, hiru hiriburuetako Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan, Lanbideren zerbitzu zentraletan eta Osalanen bildu dira.
Osakidetzan hiru lurraldeetako ospitaleetako eta osasun-zentroetan kontzentrazioak izan dira.

Hezkuntzan ere kontzentrazio jendetsuak izan dira EHUko eskola, haur eskola, sektore eta campusetan. Komunikabide publikoen kasuan, EITBko langileek ere babestu dute ekimena, elkarretaratzeak eginez.

Sindikatuek gogorarazi dutenez, Espainiako eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena dugu euskal sektore publikoan, % 40tik gorakoa arlo guztietan. "Zerbitzu publikoak ahultzea eta prekarizazioa dakarten enplegu-arloko politika sistematiko eta orokor horiek azpikontrataziorako eta pribatizaziorako aurretiazko urratsak baino ez dira. Gure agintariek zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu dute eta horretarako neurriak sustatzen dituzte", deitoratu dute.

Gogorarazi dutenez, apirilaren 22ko grebaren aurretik, hainbat elkarretaratze izan ziren, eta, ondoren, greba egun arrakastatsua izan zen. Grebaren ostean erantzunik jaso ez zenez, maiatzaren 25ean manifestazio jendetsua egin zen Gasteizen, eta Eusko Jaurlaritzari, Eudeli eta euskal alderdi politikoei zuzendutako bilera-eskaerak erregistratu ziren. Zenbait alderdi politikok biltzeko borondatea erakutsi badute ere, EUDELek biltzeari uko egin dio, eta udal bakoitzera jotzea proposatu die sindikatuei. Oraingoz, Eusko Jaurlaritza isilik dago.