Langileen babesa jaso du CAFeko lehen lan hitzarmenak
2014/05/26
CAFeko langileek gaur bozkatu dute zuzendaritzak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek adostutako hitzarmena. Botoa eman duten 1.315 langiletatik 1.058 enpresako lehen lan hitzarmenaren alde azaldu dira. ELAk positiboki baloratu du gaurko emaitza.
Akordioak 35 orduko lanaldiari eutsiko dio, eta datozen bi urteetan KPIren araberako soldata igoera finkatuko du. Erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzeko errelebo kontratuari orain arteko baldintzetan mantentzen da. Honez gain, inor ez dute kaleratuko arrazoi ekonomikoengatik eta bi urteko ultraaktibitatea izango du hitzarmenak. Gaurkoan Beasain, Irun eta Madrilgo lantegietan egin dira batzarrak.
ELAren aburuz enpresa honetan garrantzi handiko aldaketa eman da orain artean indarrean zegoen enpresa-ituna alde batera utziz, lan hitzarmena sinatu denean. Era honetan, langileak euren lan baldintzak blindatzeko lan hitzarmenak duen garrantziaz jabetu dira.