Belgika

ELAk FGTB sindikatuaren Kongresu Federalean parte hartu du Bruselan

2026/06/11
ELAk FGTB sindikatuaren Kongresu Federalean parte hartu du Bruselan
ELAk FGTB sindikatuaren Kongresu Federalean parte hartu du ekainaren 11n eta 12an Bruselan egin den biltzarrean. “Tous.tes à bord” lelopean ospatu den kongresuak herrialde osoko langileak ordezkatzen dituzten ehunka ordezkari bildu ditu. ELAren izenean Amaia Muñoa Sindikatuaren Idazkari Nagusi Albokoa eta Nazioarteko Harremanen arduraduna izan da bertan.

Kongresua eztabaida eta erabaki gune garrantzitsua izan da FGTBrentzat, desberdintasun sozialen hazkundea, soldaten eta lan-baldintzen gaineko presioa eta zerbitzu publikoak zein langileen eskubideak indartzeko beharra nagusi diren testuinguruan.

Jorratutako gai nagusien artean egon dira erosahalmenaren defentsa, berdintasuna eta aniztasuna, trantsizio ekologiko eta digitala, baita eskuin muturraren gorakadaren eta eskubide sozialen aurkako atzerapausoen aurrean sindikalismoak eman beharreko erantzuna ere.

Kongresuaren programak nazioarteko eztabaidarako gune bat ere izan du, hainbat herrialdetako sindikatuen eta gizarte-erakundeen parte-hartzearekin. Bertan, sindikalismoak maila globalean dituen erronkei eta nazioarteko koordinazio estrategiei buruzko hausnarketak partekatu dira, gatazka sozial eta laboralak areagotzen ari diren testuinguru batean.

Testuinguru horretan, azken hilabeteeetan Belgikan izandako mobilizazio sindikal handiak ere nabarmendu dira. Herrialdeko hiru sindikatu nagusiek greba orokorrak, mobilizazio egunak eta manifestazio jendetsuak bultzatu dituzte pentsioen, soldaten eta zerbitzu publikoen alde, baita murrizketa politiken aurka ere. Mobilizazio horiek agerian utzi dute gobernuak sustatutako erreformen aurrean Belgikako mugimendu sindikalaren erantzuteko gaitasuna.

Halaber, kongresuak erakundearen zuzendaritza konfederala berretsi du hurrengo agintaldirako, onartutako ildo estrategikoei jarraipena emateko eta FGTBren ekintza sindikala indartzeko helburuarekin. Besteak beste, ordezkariek Bert Engelaar presidentea eta Selena Carbonero idazkari nagusia berretsi dituzte euren karguetan.