MAIATZAREN LEHENA (BILBO)

Justizia sozialaren alde eta faxismoaren aurka, hemengo LGS lortzea hurrengo pausua da

2026/05/01
Justizia sozialaren alde eta faxismoaren aurka,  hemengo LGS lortzea hurrengo pausua da
Bilbon, ELAren milaka militanteren aurrean, Lakuntzak berretsi du 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko konpromisoa, eta Jaurlaritzari zein Confebask patronalari gehiengo sindikalaren borondatea errespetatzeko eskatu diete.

ELAk Maiatzaren Lehena ospatu du Bilbon eta Iruñean eginiko manifestazioetan, 'SMI 1.500. Jo ta ke hemen erabaki arte' lelopean. Beste sindikatuekin batera martxoaren 17an ELAk egindako greba orokorraren aldarrikapena da aurtengo Maiatzaren Lehenaren mezu nagusia, hain zuzen ere, lelo argia eta zuzena. 

Maiatzaren Lehena bide honetako mugarria izan da. ELAren eta milaka militanteen eginbeharra da geroz eta basatiagoa den kapitalismoaren ondorioei aurre egitea: inperialismoa, gerra eta, sakonean, faxismoaren aurka borrokatzea. ELAk uste du demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsa izan behar direla borrokaren ardatzak. Une honetan, beste aldarri batzuk ahaztu gabe, 1.500 euroko LGSaren aldarrikapenak biltzen ditu borroka guztiak bat egiteko osagaiak. 

Ildo horretan, argi mintzatu da Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia: “Behin eta berriz esan dugu: Ez dugu etsiko hemengo gutxieneko soldata lortu arte”. Soldata duinak bereziki milaka emakumeren bizi baldintzak hobetzeko balioko luke, justizia sozial eta feministarako bidea izanik. “Ez dugu nahi beste inork gure izenean erabakitzerik; ez dugu nahi inork Madrildik bere prekaritatea inposatzerik, izan ere, esatea gutxieneko soldata hobetzea insolidarioa dela espainolista da”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzari eta patronalari kritikak zuzendu dizkio elkarrizketa sozialaren mahaiaren inguruan. Gobernuak gehiengo sindikalari mehatxua bota izana salatu du, eta mahai hori “antidemokratikoa” dela eta “propagandarako tresna” bihurtu dela. Jaurlaritzari eskatu dio Partaidetza instituzionalaren lege-proiektua atzera botatzeko. "Ezin da normaltasun demokratikoan sartu gutxieneko joko-arauak urratzea, sindikatu batzuei ordezkaritza bat ematea langileek bozkatu ez dutena”. 

Mobilizazio eta greba ugaritan parte hartzen ari diren langileei babesa adierazi die, eta enplegua suntsitzen duten ERE eta kaleratzeen aurrean sindikatuaren zeregina lanpostuak defendatzea dela azpimarratu du: “ELAren xedea ez da enpresak nahi duena bozkatzea, sindikatuak enpleguari azkeneraino eutsi behar dio”.

Lakuntzak nabarmendu du ELA sindikatu antiarrazista dela, eta migranteak kriminalizatzen saiatzen direnen aurrean lantokietan antolakuntza eta borroka direla erantzunik eraginkorrena: “Ekarpen sindikalik onena egoera okerrenean daudenen zerbitzura jartzea da”; horren adibidetzat jo du sindikatuan afiliatu berrien laurdena migranteak izatea eta gero eta gehiago ordezkari izateko hautatuak izatea.

Eskubide sozialen alde egiteaz gain, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea ere aldarrikatu du ELAko idazkari nagusiak. Euskara eta erdara juridikoki parekatuko duen adostasunaren bila, “esnatzeko” unea dela aldarrikatu du. Zentzu horretan, maiatzaren 9rako LAB eta Steilasekin batera deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu du: “Euskal Herri euskalduna da gure gutxieneko eskakizuna”.

Mitxel Lakuntzaren hitzartze osoa hemen