UDALHITZ

Eudelek negoziazioa blokeatzea hautatu du

2026/06/19
Eudelek negoziazioa blokeatzea hautatu du
Eudelek zerbitzu kudeaketa gaiaren inguruko posizionamendurik ez du ekarri eta euskarari dagokionez Eusko Legebiltzarrean gertatuko denari itxarotea proposatu du. Eudelen eta alderdi politikoen jarrera honen aurrean, ELAk grebak eta mobilizazioak bide bakarra direla uste du.

Gaurko Udalhitzeko mahaian negoziazio osoan zehar pairatu behar izan dugun jarrera mantendu da eta Eudelek bere borondate falta berriz ere demostratu du. ELA eta LAB pasaden asteko mahaitik altxatu ginen, alderdi politikoek ez zituztelako konpromisoak bete eta Euskararen eta zerbitzu publikoen kudeaketan ez zegoelako proposamenik. Hala, gaurko mahaian antzekoa gertatu da, eta negoziazioa blokeatzeko hautua egin du Eudelek.

ELAk egoera oso kezkagarria dela uste du. Eudelek konpromiso argi bat hartu zuen duela hiru asteko mahaian: proposamen oso bat ekarriko zuen gaurko mahaira, besteak beste, hilabeteetan zehar blokeatuta zituen Euskera eta zerbitzu kudeaketa gaiak tratatuko zituena. Hori bete gabe jarraitzen du. Zerbitzu publikoen kudeaketan ez dago adostasunik alderdien artean, eta Euskerari dagokionez, negoziaziotik kanpo utzi nahi dute Eusko Legebiltzarretik etorriko den legearen esperoan.

Zerbitzu publikoen kudeaketa gaiaren inguruan gertatu dena bereziki larria izan da. Alderdiek bilera hasieran esan digute akordio bat egon zitekeela baina hitz bat ezbaian zegoela. Etenaldi bat egon da, alderdiek eskatuta, proposamen amankomun bat lortzeko. Kontrara, hiru ordu laurden eta gero ez da akordiorik egon. ELAtik hau ez dela serioa uste dugu.

Hilabeteak daramatzagu esaten negoziazio erreal bat behar dugula, udal langileon lan baldintzak hemen erabakitzeko. Sindikatuok konpromiso guztiak bete ditugu, Eudelek, aldiz, ez. ELAk Eudel eta alderdi politiko guztiak estutzeko garaia dela uste du lan baldintzak hemen erabaki eta hobetzeko. Aurrera pausu batzuk eman dira negoziazioan, baina oraindik soldatetan, Gazteberritze planea, Euskaran, Behin-behinekotasuna murrizteko neurrietan, lan osasunean, zerbitzuen kudeaketan, hautaketa prozesuetan eta lanaldian asko falta.

EAEko udal sektorea borrokan dagoen honetan, bada garaia hemen erabakitzeko gure lan baldintzak inposiziorik gabe. Atzo Gernikan EAJ eta EH Bilduko zenbait alkatek prentsaurreko bat eman zuten burujabetzaren bidean aurrera pausuak aldarrikatzeko. Udalhitza ez da esparru egokia hori praktikara eramateko ala? Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela uste du ELAk.

Bukatzeko, ELAk argi esan nahi dio Eudel eta bera osatzen duten alderdi politiko guztiei borroka mantentzen dela eta grebak bultzatuko dituela hurrengo hilabeteetan akordio egoki bat lortu arte.