Prekaritatea eta genero arrakala ezabatzeko grebekin jarraituko dute
Gaur Donostiako San Telmo kultur etxean sektoreko ELAko ordezkariek batzarra egin dute, ondoren, Donostiako kaleetan zehar manifestazioa burutu dute, Foru Aldundiaren aurrean bukatuz.
Egindako asanbladan azken asteetan emandako negoziazio bilera, ekintza sindikal eta gatazkaren bueltan emandako bestelakoen balorazioa egin dute eta ateratako ondorioetatik zehaztutako hurrengo ekimenen berri eman dute.
Negoziazio mahaian azken aste hauetan, nahikoak ez badira ere soldatetan aurrerapauso txiki batzuk egon dira eta hori grebalariek aurrera eramaten ari diren presio eta ekintzen ondorio dela nabarmendu dute.
Hala ere, lan baldintza gero eta prekarioagoak dira sektorean, besteak beste lan kontratuen partzialtasuna biderkatu da azken urteetan eta gaur langileen ia erdiak kontratu partziala du. Ezinbestekoa da negoziazioan Foru Gobernua benetan inplikatu eta mahai gainean kontratuen partzialtasuna ezabatuko duen edukiak jartzea.
Aldarrikapen hau lortu arte greba mugagabeek jarraituko dutela berretsi eta hurrengo ekainaren 10, 11 eta 12rako sektoreko greba egun berriak iragarri dituzte langileek. Egun hauetan, gatazka gizartean sozializatzeko Gipuzkoan barrena martxak burutuko dituzte grebalariek.
Bestalde, Lan hitzarmen duin baten alde eta zaintza publikoa aldarrikatzeko Gipuzkoako Senideak taldeak Maiatzaren 30erako deitu duen bigarren manifestazioarekin bat egin eta bertan parte hartzera deitzen ditu langile guztiak, baita ere eragile eta herritarrak ere.