ELAk Euroaren Ituna indargabetu dezatela eskatu du

2011/06/20
Mikel Noval ELAko azterketen arduradunak gogoratu du ELAk hasieratik, hots, ezagutzera eman zutenetik, eskatu zuela Euroaren Ituna indargabetzea; sindikatuak gauza bera eskatu izan du nazioarteko hainbat forotan (Europako Sindikatuen Konfederazioak Atenasen egin zuen kongresua).

ELAko arduradunak gogoratu du Euroaren Ituna, joan den martxoaren 11n Europako Batasuneko gobernuek sinatua, “oso larria” dela, besteak beste honako edukiak baititu:

·        Soldatak finkatzeko metodoak eta negoziazio kolektiboko prozesuak  aldatzea, lan-baldintzak okertze aldera.

·        Arlo publikoko soldatetan doikuntzak ezartzen jarraitzea.

·        Enpresariei botere handiagoa emango dioten erreforma laboralak.

·        Zeharkako inposizioa gehitzeko zerga-erreformak, fiskalitate are bidegabeagoa inposatzen dutelarik.

·        Murrizketa gehiago pentsioetan, osasun sisteman eta gizarte-prestazioetan.

Novalek salatu duenez, Euroaren Itunak “Europako Batasuneko gobernuen konpromisoa islatzen du, soldatei eta eskubide laboralei berriro erasotzeko. Halaber, gizarte-babesean murrizketa gehiago izango direla iragartzen du (pentsioetan, osasungintzan edota beste gizarte prestazio batzutan)”.

Euroaren Ituna “gobernuburuen saioa da aitzakia bat izateko estatu bakoitzean egingo diren murrizketak egiterakoan”. Haatik, ELAk salatzen du jokoan dauden gaiak gobernu bakoitzaren eskumenekoak direla, halaxe aitortzen baitu Itunak berak, eta gobernuek, era interesatuan, aurrez eurek definitu duten esparru europar baten menpean jartzea erabaki dutela, horrela murrizketen erantzukizun politikoa saiheste aldera.

Itunak EBn ezartzen ari diren murrizketa sozial latzetarako estaldura bilatzen du. Honen adibidea dugu Grezian gertatzen ari dena: herritar gehienak miseriara bultzatzen ari dira, eta negoziogai izan daitekeen guztia pribatizatu egingo dute.

Mikel Novalek azaldu duenez, “Europako agintariek aho batez erabaki dute errezetarik kontserbadoreenak ezarriko dituztela. Sozialdemokrazia eta Berlusconi elkar hartuta daude Europa eraikitzeko proiekturik erreakzionarioena ezartzeko”.

Novalek nabarmendu duenez, Zapaterok onartu dituen erreformak (laborala, pentsioena, negoziazio kolektibokoa) “estrategia honekin ezin hobeto uztartzen dira. Kontua da soldatei eraso egitea eta eskubide laboralak are gehiago hondatzea”, negoziazio kolektiboko erreformaren kasuan bezala.

ELAren iritziz sindikalismoak ezin du inola ere politika hau babestu. Aitzitik, aberastasunaren banaketa bidezkoa izatea aldarrikatu behar du, eta hori lortzeko soldaten erosteko ahalmena gehitu behar da, enpleguaren kalitatea hobetu, gizarte-gastua gehitu eta zerga-sistema goitik behera aldatu, berau progresiboa izan dadin”.