Siemens Gamesan ELAren helburua bakarra eta argia da: benetako bermeak eskainiko dituen enpleguaren alde borrokatzea

Siemens Gamesan ELAren helburua bakarra eta argia da: benetako bermeak eskainiko dituen enpleguaren alde borrokatzea
ELAk, negoziaziori ekin dionean helburu bakarra izan du: Siemens-Gamesako lankideen etorkizuna ziurtatzea. Horregatik eman dio bere ezetza akordioari. Siemens-Gamesako langileentzat berme errealak dituen benetako enplegua lortzea; horixe izan da aho batez finkatutako helburua Enplegu Mahaiko ordezkari sindikalen artean. Mahai hori abenduaren 13an abiatu zen, eta harez geroztik helburu horren baldintzapean jarri da enpresarekin akordiorik lortu ahal izatea.

Langileek babesa eman diote berriz ere ordezkaritzari, gaur Nafarroako zentroetan egon diren asanbladetan parte hartuz.

Azaroan enpresak EEE bat iragarri zuen, mundu osoko 6.000 langile eraginpean hartuko zituena, eta haietatik 400 langile estatu espainiarrean kaleratuko ziren. Plantillak horren aurka hain tinko jarri izana funtsezkoa izan da azkenean espedientea erretiratzeko; hala ere, enpresak murrizketa baten beharra behin eta berriz plazaratu du. Horregatik, abenduaren 13an bilera bati ekin zitzaion, kaleratze traumatikoen mehatxua alde batera utzita. ELA bileretara joan zen, lantoki guztien etorkizuna ziurtatzeko asmoz eta lan saturazioa ekiditzeko.

Izandako bileretan ordezkari sindikalek gezurtatu egin dituzte enpresak EEErako erabilitako arrazoiak. Argi geratu da ez dagoela ez antolamendu-, ez ekoizpen-arrazoirik, Siemens-Gamesako Zuzendaritzak adierazten zuen bezala.

Horregatik guztiagatik, ELAk bere helburuari eutsiko dio: Siemens-Gamesaren etorkizunaren alde eta enplegurako berme zehatzen alde borrokatzea.