ELAk industria politikaren inguruko diagnostikoa eta proposamenak aurkeztuko ditu Laudion
Industria politika langile klasearen zerbitzura. Diagnostiko eta proposamen integrala ikuspegi ekosozialetik’ izeneko txostenak Hego Euskal Herriko ekonomiaren bilakaera aztertzen du, eta industria eredu bidezkoagoa, demokratikoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko alternatiba aurkezten du.
Txostenak abiapuntu argia du: industriak funtsezkoa izaten jarraitzen du ongizate kolektiborako, baina orain arteko industria politikak errentagarritasun pribatua bermatzera bideratu dira, gizartearen beharrak lehenetsi beharrean.
Egoera horren aurrean, ELAk hainbat neurri proposatzen ditu, besteak beste, Industria Partaidetzen Euskal Erakundea sortzea, garapeneko banku publiko bat eratzea eta industria-sarearentzako alerta goiztiarreko sistema ezartzea.
Proposamena hiru printzipiotan oinarritzen da: enpresa estrategikoen jabetza publikoa, kooperatiboa edo soziala sustatzea; langileek erabaki ekonomikoetan benetako parte-hartzea izatea bermatzea; eta ekoizpena gizartearen beharrak asetzeko bideratzea, muga ekologikoak errespetatuz.