Antolin taldeak -Mercedes Benz-en enpresa hornitzaileak- 9 langile kaleratu ditu

2013/01/22
Antolin Alava Taldeak 9 langile kaleratu ditu, arrazoi ekonomikoak eta ekoizpenekoak argudiatuz. Talde hori Mercedes Benz-en enpresa hornitzailea da, eta Alemaniako multinazionalak duen hornitzaileen parkean dago kokaturik.

 

Enpresak 9 langile kaleratuz erregulazio-espedientea aurkezteko beharra saihestu nahi izan du. Eta espedientearekin batera seguru aski sortuko zen gatazka ere bai.

ELAtik Zuzendaritzaren jarrera salatzen dugu, zeren enpleguari eusten ahalegindu beharrean, 9 langile kaleratzea erabaki du. Gogoan izan enpresa horrek duela 10 urte ia 200 lanpostu zituela. Baina aspalditik Zuzendaritzak Burgosko planta indartzea erabaki zuen, Gasteizkoaren kaltetan. Eta gaur egun 30 langileri baino ez dio lanik ematen.

Mercedes Benz-en eskaera-jaitsiera konpontzearren, langileak kaleratzea erabaki duen enpresa hornitzaile bakarra da, eta hori azpimarratu beharrekoa da. Gainerako hornitzaile guztiek, egoera berrira moldatzeko, eteteko EREak egitea erabaki dute, langileentzat ez horren traumatikoak.

Baina azkenaldiko gertakariak gogora ekarriz, enpresa horrek begirune eskasa die beren langileei, eta are eskasagoa ELA sindikatuari.

Nahiz eta enpresa-batzordean ordezkaritzarik ez izan, kaleratu dituztenetik 6 ELAko afiliatuak dira. Batzuk ordezkari izandakoak, eta beste batzuk hautagaiak azken hauteskunde sindikaletan.

Batzarra, eta enpresako sindikatu bakarraren (UGT) jokabidea.

Kaleratzeak iragarri ostean, langileen batzarra egin zen, eta han agerian geratu zen UGTren eta enpresaren arteko elkar aditzea. Mobilizazioak bultzatu beharrean, kontra jarri zen; eta itxurak egitearren, kaleratzeen aurka zeudela adierazi zuten oso modu epelean. Hala ere, langileek mugagabeko greba egitea erabaki zuten gehiengoz, urtarrilaren 28tik aurrera.

Jendaurrean salatu behar dugu, halaber, UGT sindikatuak enpresarekin egin dituen bilerak. ELAren Atal Sindikalaren ezkutuan egin dira, eta gertakariak nolakoak izan diren ikusita, litekeena da UGT sindikatua enpresak egingo zuenaren jakinean egotea.

ELA sindikatuak exijitzen dio Zuzendaritzari kaleraturiko langileak berehala berronartzeko, eta alderdi guztientzat onargarri izan daitekeen negoziazio-prozesua irekitzeko.