Hezkuntza publikoko garbitzaileek lan baldintza duinak exijitzeko martxa egin dute Bilbon
Hezkuntzako garbiketako langileen oharra:
Hezkuntza Sailaren eta EHUren menpeko zentroetako garbikuntza-kontratetako langileok hiru urtez saiatu gara lan-baldintza hobeak negoziatzen. Eusko Jaurlaritzaren menpeko hezkuntza-zentroetan ehunka langilek egiten dugu lan.
Azken urteotan enpresek eskaini izan duten prezioa jaitsiz joan da, %20 merkeagoa izateraino, eta beherapen horrek bere eragina izan du, noski, gure lan-baldintzetan.
KPI %10 igo da 2010az geroztik, eta orain dela 8 urte eguneratu beharko ziren gure soldatak, baina gaurko egunean izozturik daude.
Garbitu beharreko esparruak zabalduz doaz, gero eta metro karratu gehiago garbitu behar ditugu lan-denbora berean.
Lanera ez datorren pertsonala ez dute ordezkatzen (bajak, lizentziak, oporrak, behin betiko postu hutsak...). Horren ondorioz, beste langileen lan-karga handitzen da ikastetxeetako garbiketa egiteko.
Negoziazioko beste eskakizun bat mekanismo bat sortzea izan da, lanaldi partzialeko kontratua dutenei lanaldi osoa eskaintzeko. Gure kidegoaren %40ek lanaldi partzialeko kontratua dute.
Gu garbitzaile nekaezinak gara, eta urte askotan ibili gara Eusko Jaurlaritzaren menpeko zentroak garbitzen.
Gure susmoa da ikusezinak garela bai enpresentzat, bai bezeroarentzat (Eusko Jaurlaritza) ere; horregatik erabaki dugu modu antolatu batean erantzutea eta gure arazoak kalean erakustea.
Oraingo honetan Duintasunaren Martxa antolatu dugu baina baldintza duinak lortu arte mobilizazioak egiteko prest gaude.
ELA – UGT – LAB – ESK - CCOO